Kultura, pertsona zaurgarrientzat ere bai
EHUk 'Egoera zaurgarrian dauden pertsonen parte hartzea kulturan' ikerketa egin du Goierrin, Arteria proiektuaren baitan. Gizarte «justuagoa» lortzeko kultura beharrezkoa dela esan dute ikerlariek.
Kultura funtsezkoa da pertsona baten garapenerako eta, beraz, kultura ere irisgarria izan behar da. Helburu horrekin, Arteria proiektuaren baitan, Egoera zaurgarrian dauden pertsonen parte hartzea kulturan ikerketa egin da. Atzo aurkeztu zuten. Zumarragan prentsaurrekoa egin zuten eta Beasaien aurkezpena. Txostena albiste honen online bertsioan irakurri daiteke oso osorik, «mundu guztia gizarte aldaketaren parte izan dadin».
Ikerketa Goierrin egin da. Joxe Jimenez, Asier Huegun eta Eider Ganboa EHUko irakasleek egin dute, Dar-dar gizarte ekimenezko kooperatibak bultzatuta. Egoera zaurgarrian dauden pertsonek, kultur teknikariek eta artistek parte hartu dute.
Zumarragako prentsaurrekoan Dar-dar kooperatibako Asier eta Iker Zinkunegik, Igartubeitiko Kizkitza Ugarteburuk, Zazpi Arteko Maider Bartolome sortzaileak, K6 enpresako Marta Fontek, Izaskun Larrañaga Zumarragako kultur teknikariak, Miren Castillo Urretxuko kultur teknikariak, Garaguneko kideek eta Huegun eta Jimenezek parte hartu zuten.
Asier Zinkunegik Dar-darren Arteria egitasmoaren helburua gizarte eraldaketa sustatzea dela gogoratu zuen. «Gizarte justuagoa eraiki nahi dugu: kulturen arteko bizikidetza, genero berdintasuna… Guztionak diren erronkei erantzunak bilatu nahi dizkiegu».
Lan moldea
Horretarako, oraingo honetan egoera zaurgarrian daudenak kulturan integratzea helburu duen ikerketa egin dute. «Ikerketa Goierri mailan egin dugu eta ikerketaren bidez aldaketa lortu nahi dugu. Ikerketa taldeak aholku taldea sortu du. Talde horrek galdetegiak erantzun ditu, solasaldietan parte hartu du eta dena balidatu du. Gainera, bi txango inklusibo egin ditugu Legazpiko Txillida Lantokira eta Ezkioko Igartubeiti baserrira».
Ikerketan, Zumitegi, Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen elkarteak, K6 Gestion Cultura, Zazpi Arte, Caritas, Goienetxe Fundazioa, Begisare eta Zabalduz kooperatibak parte hartu dute. Gainera, Beasain, Lazkao, Legorreta, Ormaiztegi, Ordizia, Segura, Urretxu, Zaldibia eta Zumarragako udalen laguntza izan dute.
Garaguneko Asun Jauregik «aukera paregabea» izan dela esan zuen. «Pertsonen bizi kalitatea gure helburu nagusia da eta arteak eta kulturak hori lortzen laguntzen dute. Egitasmo honen eskutik, beste pertsona batzuk ezagutzeko eta museoak bisitatzeko aukera eduki dugu. Prozesuak dagoeneko fruituak eman ditu eta gehiago emango ditu. Museo gehiago bisitatzeko asmoa dugu, adibidez».
Ugarteburu ere gustura azaldu zen. «Eskerrik asko gonbidatzeagatik. Txangoak gure lana kontrastatzeko, elkarteak ezagutzeko eta beraiekin batera lan egiteko balio izan digu. Beraiekin programak sortu behar ditugu, beraien beharrak asetzeko».
Huegunek galdeketa eta bileretatik ateratako hainbat ondorio aipatu zituen: pertsona zaurgarriak zinera eta antzerkira joaten direla batez ere (gainontzeko kultur ekitaldietara baino gehiago), aisialdiko espazio erabilienak kafetegiak eta parkeak direla eta sortzaileak eta teknikariak inklusioa aintzat hartzen saiatzen direla. «Baina zailtasunak dituzte nahi hori praktikara eramateko: nola egokitu espazioa, nola helarazi informazioa… lana dago egiteko. Espazioa denontzat egokitzea eta informazioa denoi helaraztea funtsezkoa da. Bestalde, pertsona zaurgarriek pertsonen arteko harremanari garrantzi handia ematen diote: teknikariek eta dinamizatzaileek harrera ona egitea, gertutasuna erakustea… Sortzaileek eta teknikariek prestakuntza behar dutela onartu dute».
Ikerlariek sei proposamen egin dituzte. Jimenezek aurkeztu zituen: kultura parte hartzaile inklusiborako diseinua egitea, sortzaile eta teknikarien prestakuntza sustatzea, ikaskuntzarako diseinu unibertsalaren printzipioak txertatzea, kultura espazio partekatuak sortzea eta, finean, proiektu berritzaileak garatzea eragileen arteko kooperazioan oinarrituz.