Bi milioi pasako aurrekontua onartu du Legorretako Udalak
Hirigintza Antolamendu Plan Orokorreko herri eredua zehaztuko dute 2023an. Eguneko Arreta Zerbitzua zabaldu eta Herria Bidelagun planarekin segiko dute.
Legorretako Udalak 2 milioi eta 55 mila euroko udal aurrekontua onartu du 2023rako. Iazkoarekin alderatuta (1,8 milioi eurokoa izan da 2022an), igoera bat izan du, diru laguntzen eta Aldundiko foru funtsen igoerengatik zein tasa eta zergen gehikuntzarengatik. Iaz martxan jarritako hainbat proiektu garatu eta beste hainbat proiektu berri landuko dituzte.
Inbertsioen atalari dagokionez, 60.000 euro bideratuko dituzte Hirigintza Antolamendu Plan Orokorra garatzera. «2022an hasi genuen eta 2023a izango da planaren urte garrantzitsuena, forma hartuko duelako eta erabaki beharko dugulako zer herri eredu nahi dugun», azaldu du Zelai Amenabarro Legorretako alkateak. Mugikortasn Planarekin ere jarraituko dute. Aurten garatu dute, herritarren partaidetzarekin, eta 2023rako 55.000 euroko diru saila jaso dute, plan horretako neurriak garatzen hasteko. «Pertsonak oinarri izango dituen herri planifikazio bat» egin nahi dute.
Aurten plaka fotoboltaikoiak instalatu dituzte frontoiko teilatuan, udal ekipamenduak hornitzeko. 2023an «energia burujabetzarako pausoak ematen jarraitzeko», bi lerro zehaztu dituzte: energia komunitate bat sortzeko prozesua bideratzeko 13.000 euro jarriko dituzte, batetik; eta bestetik, 50.000 euro plaka fotoboltaikoekin instalazio bat egiteko, «parte hartu nahi duten herritarren beharrak asetzeko». Inbertsioei lotuta, 20.000 euroko diru saila jaso dute rokodromo bat egiteko.
Zaintza eta berdintasuna
Inbertsioen atalaz harago, beste ataletan jasotako inbertsioen «garrantzia» azpimarratu du alkateak. Gizarte zerbitzuetan, zaintza arloan, aurten Eguneko Arreta Zerbitzua jarri dute martxan, eta zerbitzua zabalduko dute 2023an, goizean ere tailerrak eskainita. Ekainetik abendura martxan egon da, eguerdiko bazkariekin eta arratsaldeko tailerrekin. «2023rako helburu bezala jarri dugu goizeko tailerra ere martxan jartzea». Herria Bidelagun bakardadea lantzeko zerbitzu publiko komunitarioarekin ere segiko dute lanean.
Berdintasun arloari dagokionez, aurten Herri Hezitzailea proiektuaren diagnostikoa egin ondoren, herriko eragileekin lanketa egingo dute 2023an, «umeen eta nerabeen aisialdiaren inguruan gogoeta egin eta antolatzen diren ekintzetan beraiek ere hitz eta erabakia izan dezaten». LGTBI komunitatearen errealitatea ezagutzeko diagnostikoa ere egin dute aurten, eta hurrengo urtera begira planean ateratako ekintzak aurrera eramateko diru lerroa jaso dute.
Bi lerro berri
Aipatutakoez gain, bi lerro berri sortu dituzte aurrekontuan: baserrietan obrak egitea eta efizientzia energetikoa lortzeko obrak egitea.