Joxe Mari Auzmendi, A-tik Z-ra
'Euskal pedagogoa lokatzetan' liburua argitaratu du Hik Hasi egitasmo pedagogikoak, hainbat egilerekin elkarlanean. Joxe Mari Auzmendiren lana, bizitza eta balioak jasotzen ditu.

Joxe Mari Auzmendi legazpiarrari omenaldi gisa, Euskal pedagogoa lokatzetan liburua argitaratu du Hik Hasi egitasmo pedagogikoak. 30 bat egilek parte hartu dute, eta denen artean A-tik Z-ra Auzmendiren balioak, lana eta bizitza bildu dituzte. Hik Hasi-ren sortzaile eta sustatzaileetako bat izan zen eta otsailean hiru urte beteko dira hil zela.
Egile bakoitzak hitz bat hartu eta Auzmendiren profila idatzi dute, haren konpromisoa, ausardia eta batasuna nabarmenduz, A hizkitik hasi eta Z-raino. Besteak beste, Maialen Lujanbiok, Lorea Agirrek, Arantzazu Muñoak, Joseba Sarrionandiak, Joxe Luix Agirretxek edo Nora Salbotxek parte hartu dute. «Hezkuntzarekin, euskararekin eta hobekuntza pedagogikoarekin konprometituak dauden irakasle guztiei, eta euskalgintzan eta herrigintzan dabiltzan herritar guztiei» zuzendutako liburua dela azaldu du Hik Hasik, «Auzmendi eredu eta akuilu izan daitekeelako».
Hik Hasi egitasmo pedagogikoa 1995ean sortu zuen irakasle talde batek. Horietako bat Auzmendi izan zen. Hainbat proiektu egin dituzte ordutik: aldizkaria, jardunaldiak, ikastaroak, liburuak… betiere euskal heziketa oinarri.
Koordinatzaile lana
Joxe Mari Auzmendi Azkaraten (Nafarroa) jaio zen 1954an. 3 urterekin iritsi zen Legazpira. Zortzi senidetatik zazpigarrena zen. Kimika ikasi eta Patrizio Etxeberria lantegian lan egin ondoren, Haztegi Ikastolan hasi zen irakasle. Hik Hasi sortuta, aldizkariko koordinatzaile lana hartu zuen. Hernanin bizi zen. 2020ko otsailaren 13an hil zen.