Inoizko aurrekontu handiena izango du Beasaingo Udalak 2023rako
Ekitaldi berrirako 20.717.561 euroko aurrekontua onartu dute. EAJko botoekin (10) atera da aurrera; EH Bilduk aurka bozkatu du (5), eta PSE-EEk abstentziora jo du (2)
Beasaingo Udalak, 2023rako aurrekontua onartu du; 20.717.561 euroko aurrekontua izango du, aurtengoa baino %13 gehiago. EAJko botoen babesarekin atera zen aurrera; EH Bilduk (10) aurka bozkatu zuen (5), eta PSE-EEk abstentziora jo zuen (2).
Inoizko aurrekontu altuena izango du Beasainek, 2023 ekitaldirako. Gobernu taldearen arabera, «orain arte egindako kudeaketa zuhurrari esker izan da posible, beste behin zorrik gabe ekingo dio Udalak urte berriari eta aurreikusitako proiektuak gauzatzeko ahalmena dauka».
Duela 10 bat egun, osoko bilkura egin aurretik publiko egin zuten proposamena da onartutakoa. Udal Gobernuak berak azpimarra egin du Ongizate arloan izango den igoeran; %21eko izango da. Horri esker, zerbitzu ugari indartuko direla iragarri dute. Hala nola, adinekoei, mendeko pertsonak dituzten familiei edota egoera berezian daude pertsonen arreta hobetuko da.
Enplegua eta formakuntza sustatzeko helburuarekin hainbat egitasmo abian jarri eta babestuko dira. Egoera ahulean dauden pertsonen enplegagarritasuna eta bertutea hobetzeko egitasmoak martxan jarriko dira Goiekirekin elkarlanean. Berrabiarazi programa ere babesten jarraituko dute eta tokiko merkataritza sustatzeko kanpaina desberdinak abiatuko dira. Ekintzailetza ere bultzatzeko proiektuak abiatuko ditu Udalak 2023 urteko aurrekontuarekin.
Inbertsioak
Inbertsioen atalean, hainbat proiektu azpimarratu ditu Udal Gobernuak. Batetik, San Inazio eta Esteban Lasa ardatza, erdiguneko arteria nagusia dena, birgaitzeko proiektua. Datorren maiatzean edo apirilean lanak hastea espero dute. Gune publikoa zabaltzea da helburua, irisgarritasuna hobetzea eta oinezkoen segurtasuna bermatzea.
Proiektu horren ondotik, Barrendaingo Plazaren eraberritzearekin hasiko direla aurreratu du Alkateak. Gune hau intermodal bilakatu asmoa du Udal Gobernuak, eta Mugikortasun Plana izango du oinarri. Gainera, Oriako bide berde berria egikaritzea ere aurreikusi dute aurrekontuan, horrekin, osasun zentroa, Altamira auzoa eta Indar enpresa lotu nahi dituzte. 220.000 euroko inbertsioa suposatuko du.
Ingurumenaren zaintza eta klima aldaketaren erronkari heltzeko diru partida garrantzitsuak proposatu dituzte. Udal eraikinen dependentzia energetikoa murrizte aldera, autokontsumo kolektiborako instalakuntza bat egitea aurreikusi dute, Alkartasuna Lizeoko frontoiaren estalkian, besteak beste.
Euskararen erabilera
Euskararen erabilera sustatzea «lehentasuna» dela adierazi zuen Leire Artola alkateak. Horregatik, euskara ikasteko diru-laguntzak, euskarazko udalekuak eta hizkuntza errefortzurako zerbitzuak mantendu eta indartzeko diru partidak bideratuko dituzte. Gainera, Aittu euskara taldearekin elkarlana berrituko dute, euskararen sustapenerako. Garabide elkartearekin ere elkarlanak jarraituko du, hizkuntza gutxituak berreskuratezko asmoz.