'Azken dantza maisua' dokumentalaren emanaldia izango da Durangon, igandean
Mikel Alvarez Sarriegi dokumentalaren zuzendaria emanaldian izango da. 'Euskalia' izenburua duen eleberria ere aurkeztuko du Alvarezek Durangoko Azokan
Durangoko Azokan ikusgai eta eskuragarri izango da Goierrin ekoitzitako lana ere. Igandean, Azken dantza maisua dokumentalaren emanaldia izango da, 11:00etan, Zugaza zineman. Dokumentalak Xabier Sarriegi Pasatxo (1958-2021) dantza-maisu goierritarraren figuratik abiatuta transmisioa, kirola, dantza eta generoa aztertzen ditu, Aurtzaka dantza taldearen ekimenez Bira ekoiztetxeak egin duen ikus-entzunezkoak. Mikel Alvarez Sarriegi beasaindarra da dokumentalaren zuzendaria, eta Durangoko emanaldian izango da.
Euskalia
Ez da baina dokumentala izango Durangon aurkeztuko den Alvarezen lan bakarra. Izan ere, gaur eguerdian, Euskalia (Elkar, 2022) eleberria ere aurkeztu du beasaindarrak. 2021 urteko Augustin Zubikarai beka jaso zuen eta horren baitan ondu du argitalpena.
Eleberria, euskara hegemonikoa izango balitz ideiatik abiatuta sortzen da, XXIII. mendean kokatzen den kontakizuna. Euskaldunen eskuetan dago unibertsoa eta biztanleen zoriontasun eta ongizate maila inoiz baino handiagoa da, baina espainiar kultura berreskuratu nahi dutenek iraultza prest dute.