Beasaingo EH Bilduren iritzia udal aurrekontuaz
EH Bilduko zinegotziek aurkako botoa eman zioten 2023ko udal aurrekontuari. "Beasaindarren artean dauden arrakala eta ezberdintasun sozialak murrizteko" helburuarekin lanean jarraituko dutela adierazi dute EH Bilduko zinegotziek, "Beasain herri bizia, gertukoa eta guztiona nahi dugulako".
Beasaingo EH Bilduko zinegotziek udal gobernuaren aurrekontu proiektuaren balorazioa egin du.”Beasainen bi proiektu kontrajarri daudela argi ikusi dugu 2023ko aurrekontuen lanketan. Gezurrezko ongizate honetan denak berdin jarraitzea nahi duen Udal Gobernuaren eredua batetik, eta EH Bilduk aurrera egiteko hautua bestetik”.
Hasier Agirreren esanetan, “guztiak berdin jarraitzeko aurrekontu proiektu onartu du udal gobernuak, beasaindar guztiak zaku berean sartzen dituen fiskalitatea da horren adibide garbi bat”. Zinegotzi abertzaleak gehitu duenez, “zerbitzuk guztiak beasaindar guztientzat eskuragarri ez izatea ahalbidetzen duen zerga eta tasa politika bat ezarri dute beste behin. Beasaindarren arteko errealitate ezberdinak onartu gabe, denak zaku berean sartzen dituen politika fiskal bat”. Honela, aurrekontu proiektuak ere “bide horretan sakontzen duela” uste dute.
Ongizate sailean igoera “garrantzitsu” bat izango den horren, “diru horren banaketan zer hobetu asko” dagoela uste dute. Bestalde, oso “larriak” iruditzen zaizkie sail batzuetan aurkeztu diren murrizketak: “Hizkuntza Politikan, kulturan, berdintasunean, parte hartzean, ingurumenean… Herri baten nortasunaren zutabe diren esparru hauetan murrizpenak ez dira onargarriak. Herri bizi bat dugu helburu, euskalduna, kultura zutabe duena, berdintasunean oinarritua eta jasangarria izango dena, eta aurrekontu hauek gure proiektuarekin kontrajarriak dira”.
EH Bilduren ekarpenak
Aurtengo aurrekontuan EH Bilduk “aurreko aurrekontuetan planteatu genituen gaiak berreskuratu ditugu”, Nerea Manzisidor zinegotziak gogorarazi duenez. “EH Bildurentzat gai hauek, berebiziko garrantzia dute eta helburu dugun herri biziaren lanketarako proposamen ezberdinak egin izan ditugu, udaleko eguneroko ohiko jardunean eta baita urteroko aurrekontu proposamenetan ere”.
Etxebizitza sozialen ingurukoa da horietako bat: “Beasainen hutsik dagoen etxebizitza kopurua, ikaragarria da. Herriko gazteak inguruko herrietara joaten ari dira etxebizitza eskuratzera. Etxebizitza hutsei irtenbidea emateaz gain, eraikitzen diren etxebizitza berriak, etxebizitza sozialak izateko proposamena egin dugu. Lehengo urteko aurrekontuei begira, orube bat erosi eta etxebizitza sozialera bideratzeko proposamena egin genuen, alokairurako laguntzen gehikuntzarekin batera. Udalak izan du aukera, orube bat promotora bati saldu beharrean jaurlaritzaren esku utzi eta honek behar sozialetara bideratutako etxebizitzen kudeaketa gidatzeko”.
Gaztedia saila berrezartzea ere eskatu du EH Bilduk agintaldi osoan. “2016an saila desagertarazi zuten, ludoteka eta gaztelekuak ixtearekin batera. Beasain bezalako herri batean horrelako zerbitzuak ez egotea ulertezina da. 2021eko aurrekontuei begira diagnosi bat egitea adostu genuen eta 2022an ekintza plan bat egitea. Ekintza plan hau egiteko, lan sustapeneko kontratu bat erabili zen, baina gerora paperean geratu da. Nekez eraman daiteke plan bat aurrera, hau gidatuko duen teknikari edo sailik ez badago. Gazteria zutabe duen herri bizia nahi dugulako, etorkizuneko Beasainen ardatz izan daitezen, gazteri teknikaria, saila eta azpiegiturak berreskuratzea eskatzen dugu”.
Berdintasun teknikariaren beharra ere nabarmendu dute. “Proiektu programan kontratazio bat dagoen arren, lan anitzak eta oso ezberdinak burutzen ari den teknikaria da eta ezinbestean berdintasun politiketan lanean zehazki aritu den udal langilea beharrezkoa da”.
EH Bilduk zenbait herriguneen birgaitzea ere proposatu dutela gogoratu dute, “Isabel Olano parkea eta Bista Alai auzoak adibidez, ez baitugu nahi bigarren mailako auzorik duen herririk”.
Mugikortasun arloko proposamenak ondorengoak izan dira: maldetako karrilak, txirrinduak estaltzeko parkinak, lan eremuetarako auzo taxi zerbitzua… herri jasangarria herritar guztientzako egokitua, gertukoa den herria nahi dugulako”.
Bestalde, “azpikontratazio orokortuarekin amaitzeko” nahia ere azaldu dute EH Bilduko zinegotziek. “Beasainen baditugu bi azpikontrataturiko zerbitzu garrantzitsu (kiroldegia eta etxez etxeko eta eguneko zentroak). Zerbitzu hauen azterketa integrala bat egitea berebizikoa da, garai ezegonkor hauetan premia berriei erantzuteko, etorkizuneko Beasainen herritar guztien eskura egongo diren zerbitzuak izan daitezen. Zentzu honetan, hauen azterlana egiteko partida proposatu genuen”.
Azkenik, krisi energetikoari aurre egiteko partida berezi bat proposatu duela jakinarazi dute. “GLLak jasotzeko baldintzak betetzen ez dituztenez gain, badirelako familia zein norbanakoak aurtengo neguan berogailua jartzea bi aldiz pentsatuko dutenak”.
Ezezko botoa
EH Bilduko zinegotziek aurkako botoa eman zioten 2023ko udal aurrekontuari. “Udal gobernuak, komunikabideetan zein mezu zabaldu badaki, herritar ororentzat diren aurrekontuak onartu direla esatea, baina errealitatea oso bestelakoa da. Agerian gelditu da, bai prezio publikoetan bai ordenantza fiskaletan eta baita aurrekontuetan ere”.
Galdera bat ere bat egin dute EH Bilduko zinegotziek: “Nola ulertu dezakegu, berriz ere beraien soldatak igotzea erabaki dutenek, edo Gabonetako argietan berriz ere gehiago gastatuko denean, energi krisiri aurre egiteko diru laguntzak ez onartzea”.
Beasaingo EH Bilduk “beasaindarren artean dauden arrakala eta ezberdintasun sozialak murrizteko” helburuarekin lanean jarraituko dutela esanez amaitu dute prentsa agerraldia, “Beasain herri bizia, gertukoa eta guztiona nahi dugulako”.