Klima eta Energia Plana osatzeko prozesuan saio irekia egingo dute gaur Beasainen
Mugikortasunari lotutako CO2 isuriak nola murriztu eta gune berdeak berreskuratzea izango dituzte eztabaidagai herritarrekin. Saioa, udaletxean izango da, 18:00etan hasita.
Beasaingo Udalak aurrera jarraitzen du Klima eta Energia Plana prestatzeko lanketarekin eta herritarrekin saio irekiak egitea izango da hurrengo urratsa. Saio horiek, herritar guztiei irekita egongo dira. Azaroan aurreratu zutenez, bi saio egingo dituzte herritarrekin. Horietako lehena, gaur arratsaldean izango da, udaletxean, 18:00etatik 19:00- etara bitartean.
Udalaren helburu nagusia da, «2030erako berotegi-efektuko gasen isuriak %40 murriztea eta udalerria klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzea». Era berean, tenperaturen igoera edo euri-jasen areagotzea bezalako mehatxuei aurrea hartzeko neurriak ere hartuko ditu. Gai horri dagokionez, bereziki azpimarratuko da hiri-eremuan berdegune gehiago izatea; izan ere, frogatuta dago, berdeguneek lagundu egiten dutela bero irla efektua murrizten, eta eginkizun garrantzitsua betetzen dutela euri-jasen aurrean, haien eragina motelduz eta uholde-arriskua murriztuz.
Gaurko saio irekian, hain zuzen ere, helburu horietara heltzeko bi eztabaidagai izango dituzte. Batetik, mugikortasunari eta garraioari lotutako CO2 isuriak murrizteko neurri posibleak. Eta bestetik, espazio berdeak berreskuratzea. Horien inguruan ekarpenak egin ahalko dituzte herritarrek.
Bestalde, gogoratu, Klima eta Energia Plana prestatzeko prozesuaren barruan, Internet bidezko inkesta oraindik ere irekita dagoela, Beasaingo Udalaren webgunean. Modu azkar eta errazean erantzuteko galdetegia da; hamar galdera dira guztira. Horren bidez, herriko eragileak inplikatu nahi dituzte plana egiteko prozesuan, baita plana osatzean kontuan hartu beharreko lehentasunezko gaiak ezagutu ere.
Orain arteko urratsak
Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza baliatuz, eta Donostiako Ados Sostenibilidad y Clima eta Bartzelonako INERGY aholkularien babes teknikoa izango duen plan hau osatzeko prozesuaren lehenengo fasean, abiapuntua zein den jakiteko eta jarduera eremu nagusiak identifikatzeko diagnostikoa burutu zen. Udal-eraikinen energia kontsumoak, argiteria publikoarenak edo etxeetako energia kontsumoaren bilakaera aztertu ziren, besteak beste.
Gainera, klima aldagai ezberdinak eta mende amaierarako aurreikuspenak aztertu ziren. Hori guztia, bero-boladek, prezipitazio gogorrek edo lehorteen luzapenak Beasaingo herritarren osasunean eta udalerri osoan duten eragina leuntzen lagunduko duten neurriak hartu eta horiei aurrea hartzeko.