Aldundiak Goierriko kirola saritu du
Elene Lete futbolariak Gipuzkoa Saria lortu du, saririk gorenena. Nahia Garrido igerilariak, Herritarren Saria; Txapel Gorrik Aldundiaren aitortza jaso du
Gipuzkoako Foru Aldundiak Kirol Gala egin du. Elene Lete futbolari zumarragarrak Gipuzkoa Kirola Saria irabazi du. Saria Espainiako futbol selekzioarekin 20 urte azpikoen munduko txapelketa irabazi zuten Realeko jokalariei eman diete. Lete munduko txapelketa jokatzekoa zen, baina ezin izan zuen, lesio bat medio. Aldundiak jokalari horiei eta Jokin Altuna pilotariari eman die Gipuzkoa Kirola Saria. Altunak ezin izan du saria jaso, unean bertan Urretxun partida jokatzen ari zelako.
Bestalde, Nahia Garrido igerilari urretxuarrak Gipuzkoarren Saria irabazi du. Sari hori herri bozketa bidez eman da. Bera izan da boto gehien jaso dituena. Garridoren urtea sekulakoa izan da: gazte mailako Europako Txapelketetan bi urrezko domina eta zilarrezko bat lortu zituen, besteak beste. Gainera, hamaika marka lortu ditu: Gipuzkoako 20 marka bereak dira.
Argazkian, Garrido eta Lete gainontzeko saritu eta omendu guztiekin ageri dira. Biak beheko ilaran daude: Garrido ezkerretik lehena da eta Lete ezkerretik hirugarrena.
Txapel gorriri, aitortza
Gipuzkoako Foru Aldundiak kirolen gala baliatu du Ordiziako Txapel Gorri txirrindulari taldea omentzeko. 100 urte bete ditu aurten Ordiziako Klasikoaren antolatzaileak