Bertsolari finalisten saiorako sarrerak ostiralean jarriko dituzte salgai
Goierriko bederatzi herritan egongo dira salgai, 15 euroan. Egunean bertan 18 euro balioko du. Finalista guztiak ez dira ariko, eta Beñat Gaztelumendiren ordez Julio Sotok abestuko du. Ordiziako Argi Berri elkarteak eta Goierriko Bertsozale elkarteak antolatu dute saioa elkarlanean, 'Goierriko Bertso Eskolak 40 urte' lemapean.
Goierriko Bertsozale Elkartearen –lehen Goierriko Bertso Eskola– 40. urteurrena ospatzeko, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia ere aurten izan dela kontuan hartuta, Ordiziako Argi Berri Elkarteak eta Goierriko Bertsozale Elkarteak finalistekin bertso saioa antolatu du abenduaren 30erako. Sarrerak ostiralean, hilaren 16an, jarriko dituzte salgai, 15 euroan. Egun berean, 18 euro balioko du.
Soto Gaztelumendiren ordez
Igandean Nafarroa Arenako finalean abestuko duten zortzi finalistetatik zazpi izango da Ordizian: Beñat Gaztelumendiren ordez Julio Soto ariko da. Gai-jartzaile eta aurkezle lanetan, berriz, Amaia Agirre. Abenduaren 30ekoa saioarekin, zazpigarren aldia izango da bertsolari finalistek Ordizian kantatzen dutena.