Erreken garbiketa eta zuhaitzen landaketa, Aranzadiren esku
Beasaingo Udalak erreken garbiketa eta zuhaitzen landaketa Aranzadi Zientzia Elkarteari esleitu dio. Agauntza, Eztanda eta Oriako landare inbaditzaileak erauzi eta zaborra garbituko dute.
Beasaingo Udalak Aranzadi Zientzia Elkartea enpresari esleitu dio herriko erreken garbiketa eta zuhaitzen landaketa egiteko lana, datozen bi urteetarako, beste bi urte luzatzeko aukerarekin. Agauntza, Eztanda eta Oria ibaietan egingo dituzte lanak. Dibulgazio eta parte-hartze saioak egingo dituzte ibaien garbiketa eta landare inbaditzaileen inguruan sentsibilizatzeko.
«Herria txukun mantentzea eta natur ondarea babestea ezinbestekotzat» jo ditu udalak, «herrian eta herritarren ongizatean eragin zuzena duelako». Ingurumenaren babesa eta klima-aldaketaren aurkako borroka «konpromiso propiotzat» ditu. Horrekin lotu dute gobernu batzordeak hartutako azken erabakia, erreken garbiketa eta zuhaitzen landaketa datozen urteetarako zehazten duena.
Helburu nagusia «Beasaingo erreken biodibertsitatearen kontserbazio egoera hobetzea» da. Bat egin dute hala Euskadiko Biodibertsitate estrategiarekin, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiarekin eta Ingurumen Esparru programarekin. Esleipenarekin, udalerriko ibaietako landarediaren eta garbitasunaren mantenua udalaren plangintzaren barruan kokatu dute. Urteko esleipen prezioa 39.274 eurokoa da.
Agauntza ibaia Garrantzi Komunitarioko Lekua dela gogoratu du udalak, «bertan bisoi europearra bizi daitekeelako». Gaur egungo ibarbasoaren kalitatea, baina, «eskasa» da.
Ibaietako 8 kilometro
Zabor bilketari dagokionez, Agauntza, Eztanda eta Oria ibaietako 8 kilometro linealetako zaborra jasotzea da helburua. «Horretarako, langileak ibai ertzeetara jaitsiko dira eskuz garbiketa bat egin, zaborra gaika bereiztu eta pisatu ondoren garbigunera eramateko».
Urtean 200 bat ale
Espezie inbaditzaileen kartografia eguneratuko dute Aranzadiko Botanika Sailaren gidaritzapean. Kalte ekologiko handienak eragiten dituzten lau espezietan jarriko dute arreta, baina espezie autoktono guztiak kartografiatuko dituzte. Espezie eraldatzaileak lehenetsiko dituzte erauzketan. Horiek atera, erre eta hondakinak deuseztuko dituzte. Ondoren, landaketarako guneak aukeratu eta urtean 200 bat ale landatzea aurreikusi dute, haltza, sahatsa, lizarra eta urritza, batik bat.
Bi parte-hartze jardunaldi egingo dira sentsibilizatzeko, udan. Datak lanak hasten direnean jakinaraziko dituzte.