Haritz Arteaga añorgarrak irabazi du Euskal Herriko 24. txistor lehiaketa
Bigarren eta hirugarren postuak Burlatara (Nafarroa) joan dira. Bigarren postua Hermanos Larraguetak eskuratu du, eta hirugarrena Carniceria Saijanak.
Euskal Herriko 24. txistor lehiaketa jokatu da gaur goizean Ordiziako udaletxeko arkupeetan. Haritz Arteaga añorgarra izan da irabazlea, 63,50 punturekin. Bigarren postua Hermanos Larraguetak lortu du, lehenengotik puntu gutxira, 63,20 punturekin. Hirugarren Carnica Saijana izan da, 57,50 punturekin. Bigarren eta hirugarren sariak, hala, Nafarroara joan dira, bi harategi horiek Burlatakoak baitira. Finalistak, berriz, Ataungo Erauskin Harategia, Gasteizko Carniceria Etxabe, Tolosako Miren Pagola, Huarteko Carnica Irigibel eta Arrasateko Otamendi Harategia izan dira.
40 ekoizlek baino gehiagok aurkeztu dituzte haien txistorrak lehiaketara. 10:00etan hasi da lehiaketa, eta epaimahaikideek aurkeztutako txistor guztiak dastatu ondoren, 13:00ak aldera banatu dituzte sariak. Lehiaketa martxan egon den bitartean, Oianguren Institutuko ikasleek txistorra pintxoak zerbitzatu dituzte.
Iker Markinezek (Kaxola), Xabier Osak (JAKITEA elkartea), Maite Retolazak (Oiharte sagardotegia), Aitzol Zugastik (aholkulari gastronomikoa eta Basque Culinary Center-eko irakaslea), Eli Belaunzaranek (Diario Vasco), Goierri Irrati Telebistako ordezkariak eta Eskerne Falconek (turismo gastronomikoan aditua) osatu dute epaimahaia.