Koloreztatuz hurbiltasuna eman
Gorka Gomez argazkilari legazpiarrak herriko hainbat argazki zaharrei kolorea eman die, txuri-beltzak argazkiaren eta ikuslearen artean sortzen duen distantzia desagerraraziz.
Hiriak, herriak eta zelaiak nola aldatzen diren zaila da ohartzen, egunerokotasunaren parte direlako eta herritarrak bilakaeraren parte direlako. Hala ere, denborak ez du gizartea bakarrik aldatzen, inguratzen duena ere aldatzen du; eta antzinako argazkiren batekin topo egindakoan, dena nola aldatu den ikustean, harritzeaz gain, nolabaiteko nostalgia atsegina eragiten du.
Zalantzarik gabe, zuri-beltzeko argazki zaharrek, magia eta xarma berezia dute. Dena den, zuri-beltzak badu ezaugarri berezi bat; distantzia bat ezartzen du argazkiaren eta ikuslearen artean.
Argazki monokromatikoek ikuspegi paregabea ematen digute iraganean dena nolakoa zen ikusteko, baina nola ikusten ziren benetan autoak, eraikinak, jantziak edo kaleak?
Gorka Gomez legazpiarrak, argazkilaria eta GOIERRIKO HITZAko lankidea denak, bizitza berria eman die Legazpiko hainbat argazki zaharri, koloreztatuta, eta emaitzak benetan sinestezinak dira.
Helburua ez da irudia eraldatzea, ezta kolorea sartuta dagoena berreraikitzetik harago esku hartzea ere. Eta, egia esan, irudiek, irudian ikusi daitekeen bezala, bizia hartzen dutela dirudite behin koloreztatuta.
Teknologiaren laguntza
Lerro hauek janzten duten argazkiak 1955 urte inguruko Legazpi erakusten du. Artxibo originala zuri-beltzekoa da, beraz. Hark ematen zuen ikuspegia baino ez zen ezagutzen, orain arte. Teknologiaren aurrerapausoei eta Gomezen zaletasunari esker, zerbait magikoa izango balitz bezala, txuri-beltzak sortzen zuen distantzia desagerrarazi, eta iraganean izandako Legazpi hartara are gehiago hurbiltzen du.
Ariketa berdina egin du Legazpiko beste argazki zahar batzuekin ere, sare sozialetako erabiltzaileek txalotu eta eskertu dutena.