Olaberriko udal aurrekontua %34 igoko da iaztik, 3,9 milioi euroraino
Diru sarrerak galanki igo zaizkio udalari, energia kontsumoagatiko zergagatik. Arlo askotan nabarituko da diru-sailaren hazkundea. Biztanleko 4.000 euroko hornidura da.
Agintaldiko azken aurrekontuak onartzen Goierriko aurrenekoetariko herria izan da Olaberria. Azaroaren 24ko udalbatzarrean onetsi zuten 2023rako udal diru kontuen proiektua. Iaztik egundoko igoera izango du: 3,9 milioi euro guztira, 2022an baino milioi bat euro gehiago (%34,5eko hazkundea). Olaberriak 940 biztanle dituenez, herritar bakoitzeko 4.000 euro dira.
Gorakada «dezentekoa» dela aitortu du Jokin Garmendia alkateak. Sarrerak nabarmen hazi zaizkio udalari, eta gastuak horrekin orekatu beharra dagoenez, aurrekontuak 3,9 milioiko kopuruan aurkitu du oreka. «Sarrerak disparatu dira. Zorte hori dugu, sarrerak nola banatu da kezka», azaldu du Garmendiak.
Energiaren prezioaren garestitzeak ekarri die, paradoxikoki, onura udalei ere. Alde batetik, ordaindu beharreko kostua igo zaie, baina batez ere industria daukaten udalerriei, askoz gehiago hazi zaie zergetan energia hornikuntza-enpresen kanonagatik jasotzen duten kopurua.
Igoera jarduera askotan
Olaberriaren kasua da. Biztanleak proportzionalki gutxi, eta energia kontsumitzaile handiak diren industria ugari du. 2021ean, kanon horrekin 900.000 euro sartu bazitzaizkion, aurten 2 milioitik gora igaro da —irailera arte 1,8 jada—, eta 2023rako aurreikuspena ere 1,8 milioikoa egin du udalak.
«Energia hornitzaileek udalari ordaintzen dioten kanona da. Olaberrian, Arcelorrek duen kontsumoarekin, asko suposatzen du. Zorionez industria hori ez da gelditu, eta etekinetan errekorretan dabiltza», dio alkateak. Udalaren egoera finantzarioa ezin osasuntsuagoa da: 2011n, Garmendiaren udal agintaritza hasi zenean, milioi bat euroko zorra eta milioi bateko gerakina bazuen, gaur egun zorrik ez, eta 6,5 milioiko gerakina dauka Olaberriko Udalak.
Datorren urterako, udaleko sailetan nabarituko da diru-partiden igoera. Gastuetan, lantaldean gizarte teknikariari eta kultura dinamizatzaileari orduak gehituko dizkiote. Bost funtzionario eta bi langile erdira ditu.
Energia kontsumoaren gastua ere %50 igoko zaio udalari, gasaren prezioa goratu baita. Ingurumen ekimenetarako %25 igoko da diru saila, gizarte ekintzetarako %100, euskara eta kultura ekitaldietarako 8.000tik 18.000ra, jubilatuen saila %15, Guraso Elkarteari eskolaz kanpoko jardueretarako 13.000tik 20.000ra, edota garapen bidean diren herrialdeetako kooperazio proiektuetarako 39.000 euro, %30 igoera (aurrekontuaren %1).
Haurren eta gazteen zerbitzuen kudeaketa enpresa bati esleitu dio udalak. Kirol eskaintza ere, banaka kontratatu beharrean, denak fardel berean esleitzeko asmoa du. Amiantoa kentzeko lanetarako, bikoiztu egingo da saila. Inbentarioa egin dute.
INBERTSIOAK 2023rako
Denera, inbertsioetarako 1,5 milioi edukiko ditu Olaberriak
Parkea. Zezilioene atzeko aparkalekuan parke berdea, 500.000 euro.
Ostatua egokitzea.
Lur sailak erosteko. 20.000. Baso lurrak berreskuratzeko
Ihurre. Kaleen arteko eskailera berritzeko (azken obra), 90.000.
Haur parke estalia Ihurren. 50.000.
Tiro zelaia. Kutsatutako lurrak berreskuratzea, 100.000.
Herri bideak. 200.000.
Orube erosketa. Gasogas gasolindegi atzeko lur zatia erosi eta urbanizatu, 100.000.
Kirolgunea. Ihurreko tenis pistak eta frontoia, 350.000.