Tobera musika eskolak galtzear diren Gabon kantak jasoko ditu
Mutiloa, Segura, Zerain eta Zegamako bizilagunek kanta horiek grabatu behar dituzte eta musika eskolara bidali. Parte hartzaileek opari bana jasoko dute.
Tobera musika eskola gure inguruan abestu izan diren, baina gaur egun ohikoak ez diren Gabon kantak bilatzen ari da. Mutiloa, Segura, Zegama eta Zeraingo bizilagunei Gabon kanta horiek grabatzeko eta musika eskolara bidaltzeko eskatu die.
Abestien audioak edo bideoak Instagram-etik pribatuan (kantuaren izena: @musikaeskola), Facebook-etik pribatuan (kantuaren izena: /Tobera Musika-eskola) edo posta elektronikoz (tobera@tobera.org) bidali daitezke. Tamaina handiko artxiboak tori.eus webgunea erabilita edo WeTransfer bidez bidali daitezke.
Fitxategiarekin batera, izen-abizenak, bizilekua eta posta elektroniko helbidea edota telefono zenbakia bidali behar dira. Audioa edo bideoa publikoki zabaltzeko baimena ematen den edo ez ere adierazi behar da. Baimena ematen dutenen bideoak eta audioak musika eskolaren ohiko bideetatik hedatuko dira: sare sozialak, webgunea… Abestiak lau herrietako hiru ikastetxeen eta hiru abesbatzen esku jarriko dira.
Audioak eta bideoak bidaltzeko azken eguna urtarrilaren 8a izango da. Bidaltzen dituzten guztiek oparitxo bat jasoko dute, Carrefour Goierriri esker. Partaide kopuruak opari kopurua gaindituko balu, zozketa egingo litzateke.