'Emakumeak Mugimenduan' biodantza ikastaroa urtarrilaren 17an hasiko da
Martxoaren 7ra arte izango dira saioak, Gimnasio Txikian. "Emakumeentzako sormen eta zaintza espazio bat" izango da.
Legorretako Udaleko Berdintasun Sailak antolatuta, Emakumeak Mugimenduan biodantza ikastaroa egingo da urtarrilaren 17tik martxoaren 7ra, asteartetan, 19:00etatik 20:30era, Gimnasio Txikian. Dantza mugimendu terapian oinarritutako 8 saio izango dira. Izena eman daiteke dagoeneko, abenduaren 23ra arte, berdintasuna@legorreta.eus helbide elektronikora idatzia. 70 euroko kuota ordaindu beharko da. Taldea osatzeko gutxienez 5 kidek eman behar dute izena, eta gehienez zortzik. Udala harremanetan jarriko da parte hartzaileekin zehaztasunak emateko.
Udalak zabaldu duenez, “emakumeentzako sormen eta zaintza espazio bat” izango da Emakumeak Mugimenduan. “Gorputz kontzientzia landuko da, norberaren mugimenduak ezagutu, norberaren erritmoekin jolastu, dantzak sortu… Dantza eta mugimendu inprobisazioa izango dira ikastaroaren oinarria”. Ez da beharrezkoa dantzan jakitea. Ez dituzte dantza teknika edo pausoak erakutsiko, inprobisazioaren bidez mugimendu propioak lehenetsiko baitituzte. Ikastaroaren helburua emakumeek haien gorputzarekin jabekuntza prozesu bat hastea, emakumeentzako eta emakumeen arteko sormen eta zaintza esparrua sortzea, norberaren mugimenduak ezagutu eta berriak sortzea eta norberaren gorputzarekiko harremana modu osasuntsuan garatzea izango da.