Lazkaoko Udalak 8,8 milioiko aurrekontua izango du 2023an, ia zazpi puntu handituta
Gizarte Zerbitzuetan diru hornidura %25 haziko dela nabarmendu du udal gobernuak. Inbertsioetarako ia milioi bat euro bideratuko dituzte. Oposizioak aurkako botoa eman du, "parte-hartze falta" izan dela egotzita.
Lazkaoko Udalbatzak atzo (osteguna) iluntzeko udalbatzarrean onartu zuen 2023ko ekitaldirako udal aurrekontua. Urteko azken udalbatzarra izan da, eta agintaldiko azken aurrekontua onartu dute. Denera, dirutan 8.881.376 euro izango ditu aurrekontu bateratuak; hor daude sartuta Lazkao Lantzen udal enpresaren oinarrizko mantenurako 17.000 euroak ere. EAJren udal gobernuko zazpi zinegotzien aldeko botoarekin atera da aurrera datorren urteko diru kontu proiektua, EH Bilduko sei zinegotziek aurka bozkatu zuten bitartean.
Kepa Zubiarrain alkateak xehatu zuen aurrekontu proiektuaren espiritua. Hazkundea aipatu zuen lehenbizi, 2022ko aurrekontutik %6,74 handiagoa izango baita datorren urtekoa. UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren –udalaren diru sarrera nagusia– %10,48ko hazkundeak ahalbidetu du udalarena ere (UFFFren 2022ko itxiera aurreikuspena %7,01 igoko dela kalkulatu dute). Udalarentzat “estrategikoak” diren hiru lan-ildo garatzeko “tresna” izango da aurrekontua, alkatearen esanetan: herritarren babesa eta ongizatea bermatzeko, garapen ekonomikoa eta enplegu sorrera suspertzeko, eta jasangarritasunean urratsak egiteko.
Atalka, Gizarte Zerbitzuen sailerako diru hornidura %25 haziko dutela nabarmendu du Zubiarrainek: 590.000 euro denera. Etxez etxeko laguntza zerbitzuak 390.000 euro eramango ditu, aurten baino %15 gehiago; gizarte larrialdietarako 63.000 euro, zergak ordaintzeko zailtasunak dituztenei laguntzeko 15.000, errehabilitazio lagunetarako 11.000, eta Iparra-Hegoa zein beste garapen programa solidarioak finantzeko 38.000 euro izango dira.
Pertsonal aldetik, aurreikusitako soldaten %3,5eko igoera izan ezik, aldaketarik ez dagoela aurreratu zuen alkateak. Baina gero, 2023ko plantilla organikoa eta lanpostu zerrenda onartzerakoan, azaldu zuen udalak langile bat gutxiago izango duela, eraikinetako garbitzailea jubilatu delako, eta haren lana kontratatutako Gureak enpresari emango diote. Horri dagokion kontratu aldaketa ere onartu zuten (EAJ alde, EH Bildu abstenituta), 35.743 euro igoko baitzaio garbitzaile-enpresa esleipendunari urteko hornidura, 252.000 euroraino. EH Bilduk argudiatu zuen ordu horiek enpresari gehitu baino nahiago dutela udal langile bat sartzea eraikinen garbiketarako. Aldiz, plantilla organikoaren puntuari aldeko botoa eman zion koalizioak.
Udalaren inbertsio ahalmena 991.000 eurokoa izango da 2023an. Legealdi Planean jasotako proiektuak garatzen segituko dutela aurreratu du alkateak, “lazkaotarren bizi kalitatea hobetze aldera”. Hirigintzan eta zerbitzuetan egingo ditu udalak inbertsio garrantzitsuenak, diru kopuruari dagokionez. Zubizkitza auzuneko urbanizazioa berritzeko 300.000 euro bereizi ditu, meandroan “egokitzapenak egiteko proiekturako” 80.000, Hiri Antolamenduko Plangintza Orokorra berritzeko lanketarako 80.000, edo elizatik ikastolara arteko zubia –aurten garatzeko proiektua zen arren, eta hasi ziren arren, ez dute bukatu– eraikitzeko proiektua egokitzeko, 40.000 euro gehiago aipatu ditu.
Inbertsio garrantzitsuenak
Eneritz Miranda Ogasun zinegotziak eman zituen inbertsioetara bideratutako lanen berri zehatzagoa. Udalak gaur (ostirala) goizean emandako prentsaurrekoan errepikatu dituzte 2023rako lanak. Honakoak dira:
- Zubizkitzako urbaniazaioa berritzeko, 300.000 euro
- Meandroan egokitzapen proiekturako, 80.000
- HAPO arauen plangintza berritzeko, 80.000
- Haur parkeak berritzeko eta mantentzeko, 70.000
- Hirigoien 75-87 bitartean ur hoditeria berritzeko, 55.000
- Larreategin urbanizazio lanetarako, 50.000
- Kalean komun publiko bat jartzeko, 50.000
- Ur kontagailuak berritzeko, 50.000
- Lazkaomendirako oinezko bidearentzat lurrak eskuratzeko, 40.000
- Eliza-ikastola arteko erreka gaineko zubiaren esleipen berrirako, 40.000
- Kiroldegiko sarrera-irteeren kontrol sistema berritzeko, 25.000
- Kiroldegiko giharre-gelako tresnak berritzeko, 25.000
- Kiroldegiko kanpoko igerilekuetan altzariak, itzalkinak eta etzaulkiak erosteko, 10.000
- Landa eremuko ur hornidura sarerako, 20.000
- Fibrozementuaren inbentarioa egiteko, 20.000
- Areria antzokiko sotoa egokitzeko eta erabilera anitzeko aretoa sortzeko, 18.000
- Gurutze-Areso lurpeko aparkalekuaren proiektua idazteko, 15.000
- Areria antzokiko ekipamendu erosketetarako, 15.000
- Hardware gastuak, 12.000
- Kultur etxeko ekipamendu eta altzariak erosteko, 16.000
- Liburutegirako funtsak erosteko, 4.500
Horiez gain, herriko eragileekin eta taldeekin lankidetzan jarraitzeko konpromisoa berretsi du udalak, eta arlo soziokulturalerako izendatu dituzten diru kopuruen berri ere eman zuen Mirandak: Berdintasuneko Ekintza Plana eta ekitaldietarako 25.000; euskara ikasteko eta diru laguntzetarako 58.000, San Benitoko mantenua eta jardueretarako 57.000, Lazkao Txiki musika eskolarekin hitzarmenerako 70.000, Oin-Arin dantza taldeari 15.000, kirol elkarte eta taldeei laguntzetan 42.250, Orobione jubilatu elkarteari 10.000, herritarrek antolatutako kirol ekitaldietarako 14.100, Beneditarren Fundazioko artxiboarentzat 23.000, Caritasi 2.000 eta Goierriko Gurutze Gorriari 5.000 euroko diru ekarpenak zehaztu dituzte.
Herriko nahiz bailarako eta kanpoko beste elkarte eta taldeei ere laguntzak mantenduko dizkiela ziurtatu du udalak.
EH Bilduren postura
EH Bilduk kontra bozkatu zuen udal aurrekontuaren gaian. “Gustatzen ez zaizkigun gauzak” esan beharra zeukatela azaldu zuen Joxemai Ormazabal bozemaileak. Gizarte Zerbitzuetan udalak esandako %25eko igoera ez zela hainbeste ziurtatu zuen, “%14 eta 15 igoko direlako gastu handienak”. Euskaran eta kulturan, Euskara Plana inplementatzeari “heldu” beharra dagoela azaldu zuen, baita euskara ikasteko doakotasuna eskaintzeari ere.
Inbertsioen atalean, alkateak aipatu zuen Kanpandegiko industrialdearen urbanizatze lanak behin bukatuta, 2023an “urrats berriak” egingo direla. Zalantzan jarri zuen Ormazabalek, hori esan bai baina diru partidarik ez duelako udal gobernuak batere zehaztu. Berdintasun Plana egiteko proposamena batzordean landu bazen ere, ez egiteko erabakia deitoratu zuen EH Bilduk; “harritzen gaitu”.
Aurrekontuen lanketan “parte-hartze falta” izan dela deitoratu du, denen artean egindako aurrekontuak “aberatsagoak” direla esanez. Udalak aurrekontuen gaian parte-hartzea ziurtatzeko ezer ez duela egin salatu zuen, eta EH Bilduk iaz herritarren iritzia jasotzeko inkestak eta proposamenak egin zituela gogoratu du (proposatutako 160.000 euroko balioko gaietatik %8 besterik ez ziela onartu udalak gutxietsi du Ormazabalek). Aurten EH Bilduk proposamenik ez duela egin onartu zuen, “alferrik” dela eta udal gobernuak “ez entzunarena” egingo ziela esanda.
Bestetik, aurrekontuak zertarako egiten diren galdetu zion udal gobernuari Ormazabalek. Harizti Handi futbol zelairako 2022rako jarritako 15.000 euroen ordez, 45 bidez gehiago gastatu dela azkenean leporatu dio, 680.000 euro. “Aurten horrelako ezustekorik ba al duzue?”.
EAJk “ulergaitza” dela iritzi dio EH Bilduren ezezkoari
Matematiketan gaizki ibiltzea eta etxeko lanik ez egitea leporatu zien alkateak EH Bildukoei, proposamenik batere ez egin izana mahai gainera ekarrita. “Etxeko lanak, lana baita, eta lana egin egin behar baita. EH Bilduk aurrekontuen arloan ez du lanik egin. Partaidetza hori da, batzordean, benetan lan egin behar den lekuan aritzea; baina han, partaidetza auzoan duzue”. Oposizioak inolako proposamenik ez egitea inoiz gertatu gabekoa dela iradoki du alkateak; “harrigarria da. Edo ez, lana egin behar baita”.
EAJren postura gaur goizeko prentsaurrekoan zabaldu du gehiago Zubiarrain alkateak. “Ulergaitza da oposizioaren jarrera, beste behin. Udal gobernuaren aurka egiteko denak balio die. Proiektu eta proposamen guztiei ezezkoa ematen die EH Bilduk: Fundiciones Iribarren erosteari, ez; Kanpandegiri, ez… Hitz batean, ulertezina”.