«Nik balio handia ematen diot erostean dugun esperientziari»
Eskoziar aireak dituen Ness denda erreferente bihurtu da emakumeen arropa salmentaren munduan. Esti Garcia Sanchezek (Ordizia, 1976) ireki zuen denda duela 22 urte jaioterrian, eta gaur ere tinko eusten dio hasieratik gertuko marken alde egin zuen hautuari. Azken aldian, sortzaileak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen die bezeroei, aldiro-aldiro antolatzen dituen ekitaldiei esker.
Beti egin duzu lan merkataritzan?
Harreman Publikoak ikasi nuen, eta ikasten ari nintzela azafata lanak egiten nituen Tolosako Txotxongilo jaialdian, Ordiziako merkataritza azokan… Egun batean Vicuña dendako Iñaki eta Miren Ajuria aita-alabak etorri zitzaizkidan euren kirol dendan lan egin nahi nuen galdezka. Garai hartan nire ideia hotelen batean lan egitea zen, han jendearekin izaten den harremana asko gustatzen zitzaidalako, baina nire helburuak aldatu egin ziren, eta Ordiziako Vicuña Sporten hasi nintzen lanean.
Moda eta arropa sektorean sartu zinen horrela.
Bai, eta nire lehen harremana kirol munduarekin izan zen. Ikasketak amaitu berritan hasi nintzen. Oso interesgarria izan zen, oso polita, lantaldea ere oso ona. Esperientzia oso ona izan zen. Hiru urte egin nituen, saltzaile gisa.
Eta nolatan ireki zenuen zeure denda?
Nik argi nuen nagusiek egiten zutena egin nahi nuela. Bezeroekin egotea gustuko nuen, baina horrez gain erosketak egitea, erabakiak hartzea, erakusleihoak muntatzea… nahi nuen. Horretan pentsatu, mundu hori aztertu, eta erabakia hartu nuen. Lokala aurkitu nuen, Madrilera feria batera joan nintzen generoa erostera, eta aurrera. 21 urte nituen ideia horrekin hasi nintzenean, eta 23 nituela ireki nuen denda. Hurrengo otsailean 23 urte egingo ditu Nessek.
Elkarrizketa osoa GoiBerri.eus webgunean.