Goierriko artisten topaleku izan da Igartza
Goierriko 30 inguru artisten lanak ikusgai daude.
Goierriko Artisten Topaketa egin dute, gaur, eskualdeko sortzaileek Beasaingo Igartza monumentu multzoan, eta horrekin batera, zabalik geratu da Goierriko artisten lanekin osatutako erakusketa. Arte diziplina desberdinak lantzen dituzten 30 inguru artisten lanak daude daude ikusgai; margolanak batik bat, baina baita eskultura eta argazkilaritza ere. Erakusketa hurrengo asteetan ikusgai egongo da.
Aurtengoarekin, 21. edizioa osatu dute. Jokin Telleria artista beasaindarrak nabarmendu duenez, “ideiak eta iritziak partekatzeko eguna izan ohi da gaurkoa”. Urtero, eguberri inguruan egin ohi dute topaketa hau. Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan egin zen urte askoan, baina azkeneko urteetan, Igartza Jauregiak hartu du erakusketa kolektibo hau.
Erakusketan artelanak ipini dituzten artista asko Igartzan elkartu dira gaur, inaugurazio ekitaldian. Hainbat bisitari ere hurbildu dira. Lanak ikusteaz gain, artistekin hitz egiteko aukera ere izan dute artezaleek.













