Igandera arte zabalik egongo dira euskal liburu eta disko azokak Lazkaon, Seguran eta Ataunen
Euskarazko argitalpenen eskaintza osoa aurki daiteke Goierriko azoketan. Goizetik, jende ugari izan da erosketak egiten. Lazkaon merkatu txikia ere ipini dute San Benito ikastolakoek
Euskal liburu eta disko azokak atzotik zabalik daude Goierrin. Lazkaon, plazako frontoian dago kokatuta, eta goiz-goizetik jende ugari ari da gerturatzen aurtengo berrikuntzak ezagutu eta erosketak egitera. Goierrin beste bi herri gehiagotan ere izango dira azokak; Ataunen, Herri Antzokian, eta Seguran, Botikaxaharra lokalean. Seguran, gaur, 14:30ak arte eta arratsaldean, 17:00-20:30 zabalik egongo da, eta bihar, igandea 11:00-14:00. Ataunen gaur 14:00ak arte eta bihar, 11:00-14:00. Lazkaon, berriz, gaur 14:00ak arte, eta bihar 11:00-14:00.
Euskarazko argitalpenen eskaintza osoa jarriko dute azoketan. Nobedadeak eta berriak egongo dira, batez ere. Bai aurtengoak, bai iazkoak. Produktu guztiek %15eko deskontua edukiko dute, hiru udalen laguntzari eskerrak.
Merkatu txikia
Euskal liburu eta disko azokaren alboan, San Benito ikastolaren bigarren eskuko jostailuen merkatu txikia dago. Salmentarekin bildutako dirua, Ruandara bideratuko dute garapen proiektuetarako.













