Rubik kubo egile onentsuenen topaleku izaten ari da Legazpi
Larunbatean, kanporaketak, eta igandean, finalak jokatuko dituzte. Errekorra egiten bada, ofiziala izango da.
Rubik kuboaren hiriburu bihurtu da Legazpi asteburu honetan. Legazpiko lehen Rubik Opena edo txapelketa irekia antolatu du Jon Alberdik, Aitor eta Idoia gurasoen, Julio Perugorria jokalariaren eta Espainiako Speedcubing Federazioko Ruben Lopez de Juan ordezkariaren laguntzarekin.
Speedcubing txapelketa izango da, kuboak ebazteko denbora kontuan hartzen duena, eta bederatzi kategoria egongo dira. Betiko kuboarena edo 3x3koa izango da bat, eta horren finala igandean jokatuko da, 12:30ean.
Guztira 50 partaide izango dira, eta horien artean Espainiako punta-puntako kubo egileak egongo dira. Antonie Paterakis nabarmendu behar da, mundu mailan erreferentea dena. Besteak beste, 2x2ko kuboan munduko zazpigarren onena da.
Julen Simon parte hartzen ari da; Espainiako txapelduna da 2×2 kuboan eta berak du errekorra. Eder Olivenciak ere parte hartuko du; hau ere Espainiako txapelduna da kubo ezberdinetan, eta hainbat errekorren jabe da.
Beste hiru partaide ere nabarmendu behar dira. Batetik, Berta Garcia, kuboa itsuan osatzen Espainiako txapelduna eta errekorduna. Bestetik, Julio Perugorria, Skew kuboan espezialista eta Espainiako bigarren denbora onena. Eta hirugarrenik, Alejandro Nicolay, Square-1 kuboan Espainiako txapelduna eta errekorduna.
Herriko lau partaide ere izango dira. Jon Alberdik parte hartu du, baita Aitor bere aitak ere, Pawel Waclzyk eta Ibai Olano gazteekin batera.
Larunbatean, kanporaketak jokatuko dira batik bat, 21:00ak arte, eta igandean, 09:00etatik 14:00etara, finalak izango dira. Publikoarentzat irekia da, beraz, bertatik bertara ikusi nahi duenak Bikuña kiroldegira gerturatzea baino ez du. Bitartean, hona hemen gaurko egunak utzitako irudi batzuk.













