Urtarrilean martxan jarriko dute Biziola fabrika
Datorren urtarrilaren 20an irekiko dute denda, eta dena prest izateko auzolanetan parte hartzeko deia egin dute.
Gaur goizeko batzarra. Biziola Kooperatiba sortzeko prozesuak aurrera darrai. Maiatzaren 14ean eraketa batzarra egin zuten. Urte erdi honetan lanean jardun dute, burubelarri, Biziola Fabrika martxan jarri eta proiektu ezberdinak errealitate bilakatzeko.
Bada, gaur, lehenengo batzar orokorra egin dute, orain arte egindako bidearen balantzea Biziolakideekin egin, urtarrilean martxan jarriko duten fabrikaren funtzionamendua azaldu eta aurrera begirako erronkak elkarrekin lantzeko. Goizeko 10etan hasi da batzarra eta bazkide guztiak bertan parte hartzeko aukera izan dute.
Urtarrilaren 20an irekiko dute denda
Maiatzaren 14ean hartutako konpromisoei jarraituz, Biziolako denda, urte berriarekin, urtarrilaren 20ean irekiko dute. Mugarri garrantzitsua izango den hau, ekitaldi berezi batekin ospatuko dute. Egun horretarako egitaraua antolatzeko lanean hasiak dira dagoeneko.
Oraindik ordea urtarrilaren 20an denda ireki ahal izateko zenbait lan egin behar dira, horregatik datozen asteetan egongo diren auzolanetan parte hartzeko gonbita luzatu dute Biziolatik. Datozen asteetan xehetasun gehiago emango dituzte.












