Emozioz bete dute Olaberria gerraren ondorioengatik etorri behar izan zutenen omenaldian
Gerraren ondorioengatik umetan Olaberrira etorri zireni omenaldia egin diete gaurkoan eta emozio uneak bizi izan dituzte familiarte zein herritarren artean.
Goizeko 12etan olaberritarrak udaletxeko aretoan bildu dira, haur zirela gerraren ondorioz Olaberrira bizitzera etorri behar izan zuten horiek omentzeko. Gainera, gela txiki geratu zaie eman nahi zieten maitasun guztia emateko, zenbaitek zutik ikusi behar izan baitute omenaldia. Omenduak erdian kokatu dituzte eta hauen bueltan eseri dira ikusleak. Ikusleen artean familiartekoak ziren nagusi eta une oso politak bizi izan dituzte guztiek elkarrekin.
Ekitaldiari hasiera txalaparta hotsez eman diote. Erritmo bizia jarri diote txalapartariek ekitaldiari eta erritmo horri eutsi dio Eneko Dorronsorok, soinu hotsez. Jarraian, omenduei eman diete hitza. Haietako batek, Mario Alvarezek, poesia bat irakurri du gerraren testuinguru horretan izan zituzten bizipenak aipatuz. Irakurleak aipatu duenaren arabera, oso une «gogorrak» bizi izan zituzten, «baliabiderik gabe, aukerarik gabe eta sufrimenduan».«Humilazioak, gehiegikeriak eta duintasun eza» aipatu ditu haien egoera «gogor» horretan. Ondoren, alkateak hartu du hitza, 40 urte beranduago, «ongi etorriak» direla esateko eta eskerrak emateko herriari emandakoagatik, haiengatik ez balitz Olaberria «ez litzateke egun dena izango».
Bideo batekin eman diote jarraipena ekitaldiari. Bertan, haien bizipenak kontatu dituzten zenbait omendu agertzen dira, eta haien historiaren errepaso txiki baten gisan ikusi dute bideoa, hunkituta askok. Ondoren, haietako baten familiarteko batek hartu du hitza, beste behin, eskerrak emateko.
Ondoren, herriko gazteen txanda izan da. Olaberriko dantzariek ere omendu egin nahi izan dituzte herriari «horrenbeste» eman dieten pertsonak, haien familiartekoak asko. “Hegoaldeko aurreskua” eskaini diete. Jarraian, Olargi elkarteko bozeramaileak hartu du hitza. Honek «aberastasuna» eskaini diela olaberritarrei eta herriari aipatu du, izan ere, «kultura desberdinen topaleku izan da Olaberri geroztik» eta honek ematen dieten «aberastasuna» herri bezala «ikaragarria» dela azpimarratu du. Horrez gain, «iragan eta orain beraren» testigu direla esan du, hala, historia beraren parte eginez olaberritar guztiak. Denbora kontuetan sartuta, Olargi elkarteko bozeramaileak ondorengoa aipatu du: “ezin dugu ez orainik ez etorkizunik eraiki iragana ezagutu gabe”. Hau hala izanik, elkarteak pertsona hauen iragana aztertu du, bidean «galdu» dituzten familiarteko horien nondik norakoen berri ematen duten dokumentuak bildu dituzte eta karpeta banatan eman diete horien senideei, haien iraganaz zerbait gehiago jakin dezaten egun diren horretatik.
Amaitzeko, oroigarri bat eman diete omendu bakoitzari eta hori familiakoek egin dute. Ez zuten halakorik espero omenduek eta haien familiartekoak ikustean emozio uneak bizi izan dituzte, negar malko batzuk erortzeraino zenbatek eta aurpegian sartzen ez zitzaien irribarre batekin beste batzuk. Oso une hunkigarria izan da eta emozio handiz bizi izan dute guztiek. Besarkadak, musuak eta argazkiak izan dira, beraz, ekitaldiari itxiera eman dietenak.