Nahia Garridok urrezko domina bat eta zilarrezko bi lortu ditu Espainiako txapelketa absolutuan
Nahia Garrido igerilari urretxuarrak urrezko domina bat eta zilarrezko bi lortu ditu Sabadell-en (Herrialde Katalanak) jokatu den igerileku motzeko Espainiako txapelketa absolutuan.
Urrezko domina gaur irabazi du, bizkar igeriketako 200 metroko proban. Gainera, bere adineko Espainiako errekorra eta Euskadiko errekor absolutua hautsi ditu: 2:07:06.
Zilarrezko bi dominak bizkar igeriketako 100 metroko eta 50 metroko probetan lortu ditu.
100 metroko probakoa ostiral arratsaldean lortu zuen. Gainera, bere adinekoen Espainiako errekorra hautsi zuen: 59 segundo eta 35 ehuneko.
Larunbatean, berriz, 50 metroko proban lortu zuen zilarrezko domina. Larunbateko proban ere bere adinekoen Espainiako errekorra hautsi zuen: 28 segundo eta lau ehuneko.
Sei probetan parte hartu du eta seietan bere marka hautsi ditu. Horretaz gain, lautan bere adinekoen Espainiako errekorra hautsi du.