Rubik kubo txapelketa irekian Europako errekorra hautsi dute Legazpin
Antonie Paterakisek Rubik kuboko 2x2 modalitateko Europako errekorra hautsi du gaur Legazpin egin den Rubik kubo txapelketa irekian.
Asteburu honetan Rubik kuboaren zaleen topaleku izan da Legazpi. Legazpi Open Rubik txapelketa jokatu dute gaurkoan, Bikuña Kiroldegian. Herriko zenbait jokalari eta zale gerturatu dira bertara, izan parte hartzera zein ikustera. 50 parte-hartzaile inguru izan dira guztira, adin desberdinetakoak eta maila desberdinetakoak. Hala ere, sekulako maila izan dute txapelketa osoan zehar, bakoitza bere neurrian baina dotore. Espainiako puntako jokalariak ere izan dituzte gaurkoan haien artean, Antonie Paterakis jokalaria, kasu, mundu mailan Rubik kuboaren arloan erreferente den gaztea. Julen Simon ere Legazpin bertan izan da, Espainiako txapelduna 2×2 kubo modalitatean eta errekorratzen jabea. Horrez gain, Eder Olivenciak ere parte hartu du, Espainiako txapeldun da hau kubo desberdinetan eta errekorren baten edo besteren jabe ere bada.
Atzo, larunbata, eman zioten hasiera txapelketari, goizeko 9:00etan, eta gaur eguerdiko 14:00etan amaitu da, larunbat eta igande goiza kubo eta kolore artean pasa ondoren.
Europako errekorra
Antonie Paterakisek Legazpin aztarna utzi du gaurkoan, bertara ekarriz Europako 2×2 kuboko errekorra. Aurrez Espainiako txapelduna zen 2x2ko kubo modalitatean, baina haratago joan da gaurko txapelketan, Europako errekorra eskuratuz. Eskuratu duen batazbesteko denbora 1,18 segundokoa da, 0,95 segunduan osatuz 2x2ko kuboa saiakerarik azkarrenean.
Paterakisek azkarrena izan eta errekorra hausteaz gain izan du beste bereizgarri bat ere. Modalitate guztietan lortu du greziarrak lehenengo hiru partaide azkarrenen artean sailkatzea, hala, domina, garaikur zein bertako produktuen poltsa sorta eramanez etxera.
3×3 kuboa (finaleko sailkapena)
- Antonie Paterakis
- Eder Olivencia González
- Julen Simón Iriarte