Ampo Ordiziak irabazi du Gernikaren aurkako derbia, 20-23
Partida amaitzeko lau minutu falta zirenean sartu zuen Lander Mujikak zigor kolpea, eta hala irabazi zuen Ampo Ordiziak euskal derbia.
Ampo Ordiziak irabazi du Espainiako Rugby Federazioko Ohorezko mailako euskal derbia. Urteko azken partida izan da. Larunbatean jokatu zuten Gernikak eta Ordiziak, eta ordiziarrak gailendu ziren, 20 eta 23. Azken minutuetan erabaki zen partida.
Gernikarrak hasi ziren irabazten, bi zigor kolpe sartuz (6-0). Ondoren ordiziarrek tartea murriztu zuten beste zigor kolpe batekin (6-3). Entsegua egin eta transformatu zuten Gernikakoek gero (13-3), baina Ordiziakoek tinko jarraitu zuten eta entsegua egin zuten (13-10). Markagailua berdintzea lortu zuten zigor kolpe batekin (13-13), eta aurretik jarri ziren transformatutako beste entsegu batekin (13-20). Partida amaitzeko 10 minutu baino gutxiagoren faltan, baina, entsegua egin eta transformatu zuten gernikarrek (20-20). Azken minutuak erabakigarriak izan ziren. 80. minuturako 4 minutu falta zirenean, zigor kolpea sartu (20-23) zuen Lander Mujikak, eta hala lortu zuen garaipena Ampo Ordiziak.
Etxean jokatuko dute ordiziarrek hurrengo partidua. Urtarrilaren 15eko asteburuan izango da, Complutense Cisneros taldearen aurka. Martxa hartu du Ampo Ordiziak. Zazpi partida jokatuta, 19 punturekin, 7. postuan dago sailkapenean.