Jose Migel Barandiaran Katedra, euskal kulturaren eta nortasunaren inguruko gogoetarako
Katedraren sorrerako hitzarmena sinatu dute gaur goizean Ataungo Sara etxean EHUk, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ataungo Udalak, Eusko Ikaskuntzak eta Jose Migel Barandiaran Fundazioak.
Euskal kulturaren eta euskal identitatearen gogoetarako eta transmisiorako Jose Migel Barandiaran Katedra sortuko du Euskal Herriko Unibertsitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Ataungo Udalarekin, Eusko Ikaskuntzarekin eta Jose Migel Barandiaran Fundazioarekin elkarlanean. Gaur goizean, Ataungo Sara etxean, Barandiaran zenaren bizitokian elkartu dira lankidetza hitzarmena sinatzeko. Elkarlan akordio honen bitartez, katedra sortzeko, garatzeko eta mantentzeko konpromisoa hartu dute erakunde guztiek.
Katedraren helburu nagusietako bat, Jose Migel Barandiaran Aierberen (Ataun, 1889-1991) «izena eta izana bultzatzea» da, haren obraren, ondarearen eta hark landutako ikerketa esparruen azterketa zientifikoa sustatuz eta egindako ekarpenak aitortuz.
Bestetik, euskal kulturari eta euskal identitateari buruzko gogoeta eta transmisioa sustatzea nahi da Katedra berriarekin, «aita Barandiaranek ezarritako nortasun oinarriak ezagutaraziz, eta oinarri horiek gaur egungo gizartearekiko elkarrekintzaren bidez eguneratuz».
Katedraren jardunerako abiapuntu gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiak 100.000 euroko ekarpena egin du 2022ko aurrekontuen bitartez, eta Ataungo Udalak, 10.000 euroko ekarpena.
Katedraren onurak
Markel Olano diputatu nagusiak nabarmendu duenez, Jose Migel Barandiaranen ikerketa lana eta ondarea «gaur egungo euskal nortasunaren eta kulturaren zutabe nagusienetako bat dira», eta, horregatik, «berebiziko garrantzia» du haren ondarearen inguruko ikerkuntza bultzatu, sustatu eta laguntzeak. Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean, Eva Ferreira errektoreak hartu du hitza, eta Barandiaranek Euskal Herriko Unibertsitate baten alde egindako lana gogoratu du.
Martin Aramendi Ataungo alkatea ere pozik agertu da Katedraren sorrerarekin, «Barandiaranen lanari dagokion balioa emateko urratsa» dela uste baitu, eta eskerrak eman dizkie EHUri eta proiektu honetan bidelagun dituen gainerako erakundeei, katedra sortzeko eta lankidetzan aritzeko egin duten ahaleginagatik. «Iragana eta oraina lotzen zubi-lan handia egin zuen Barandiaranek, eta katedra zubi-lan horretan jarraitzeko lagungarri» izango dela adierazi du.