Ordiziak 2,9 milioi euroko diru laguntza lortu du Next Generation deialditik
Oiangu eraberritzeko, Oiangu baserria aterpetxe bezala egokitzeko eta Oianguko golf zaharraren eraikina balio anitzetarako harrera eraikin bezala egokitzeko izango da. D'elikatuz zentroa Goierriko bisitarien arreta gune eta azokaren interpretazio zentro bilakatuko dute.
Ordiziak 2,9 milioi euro lortu ditu Next Generation-en turismo deialditik, Ordizia, lurraldearen dastamena proiektua garatzeko. Oiangu eraberritzeko, Oiangu baserria aterpetxe bezala egokitzeko eta Oiangu golf zaharraren eraikina balio anitzetarako harrera eraikin bezala egokitzeko izango da. D’elikatuz zentroa Goierriko bisitarien arreta gune eta Ordiziako azokaren interpretazio zentroan bilakatuko dute, eta Ordiziako gaztandegia birkokatuko dute.
Planaren ardatza Ordiziako harrera-azpiegiturak hobetzea izango da. Ordizia Goierrirako sarbidea izanik, eta Oiangu Aralar Parke Naturalekoa, produktu turistiko natural hori sustatuko dute, paisaia-, ondare-, kultura- eta gastronomia-mugarrietan oinarrituta. Ordizia Goierrira sartzeko sarbide gisa indartzea da helburua, bisitarien harrera hobetuz eta eskualdeko baserrietako, landa paisaiaren ustiapen txiki jasangarrietako eta balio natural handiko espazioetako ikuspegia nabarmenduz.
Adur Ezenarro alkateak “izugarrizko albiste ona” dela adierazi du. “Eskatutakoa ia bere osotasunean lortu dugu, eskatutakoaren %92,5. Lan handia egin dugu deialdi hauetara proiektuak aurkezteko, baina bere fruituak ematen ari da”. Next Generation diru-laguntzen hiru deialditan aurkeztu da Ordizia. Ostiralean aurkeztu zituen Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Turismoko bigarren lurralde planean onartutako proiektuak, Donostiako Miramar Jauregian.