Antzerki Garaia badator berriro
Urtarrilaren 13an izango da, Beasainen, egitarauko lehenengo antzezlana, eta azkena, Ordizian, apirilaren 21ean. Iaz bezala, sei euskaraz izango dira, eta bi gazteleraz
Urtarrilaren 13an hasiko da Anzerki Garaia, apirilaren 21era arte. Zortzi emanaldi izango dira, Ordiziako Herri Antzokian eta Beasaingo Usurbe Antzokian. Sei euskaraz dira, eta bi gazteleraz. Lehenengoa Sagastitarrak antzezlana izango da, Usurbe Antzokian. Atzo aurkeztu zuten egitaraua Adur Ezenarro Ordiziako alkateak eta Leire Artola Beasaingo alkateak, Ordiziako Barrena Jauregiko areto nagusian. Emanaldi guztiak ordu berean izango dira, 20:30ean.
‘SAGASTITARRAK’
Sagastitarrenean ez da giro alabarekin. Ane giza-ekintzaile feministak bere lehen abizena aldatzea erabaki du. Anton Sagasti aitak ez du erabakia ulertu eta amarru guztiak erabiliko ditu alabak erabakia alda dezan. Urtarrilaren 13an izango da Antzerki Garaiko lehena, Usurbe Antzokian. Txalo Produkzioak-en ekoizpena da. Joseba Apaolaza, Ainhoa Etxebarria eta Koldo Olabarri dira antzezleak, eta Begoña Bilbao zuzendaria.
‘HOBE IXILIK’
«Bata zein bestea… Biak ala biak… Elkarri kontu-kontari eta,aldi berean, kontraesanak; ‘Ez zenuen zertan esan!’ «Eta batez ere, fede txarreko baten aurrean. Gaur egun, edozer esanda ere, ezatabaidarako gai bihurtzen baita. Eztabaida dantzan dago, baina non eta nola eztabaidatzen den beste kontu bat da. Ez dakigu. Nork esan dezake zerbait? Noiz? Nori? Ustez adierazpen askatasuna nagusi den guneetan, jada zenbait gauza ezin dira aipatu ere egin». Hori dio antzezlanaren laburpenak. Urtarrilaren 20an izango da, Herri Antzokian. Salome Lelouch-en lana Ramon Agirrek itzuli du. Agirrek bera eta Itziar Ituño dira antzezleak, eta Begoña Bilbao zuzendaria. Txalo Produkzioak-en eskutik.
‘EZ NAIZ INON EGON DUBLINEN’
Gabonetako afarian irten zen armairutik Elena, dela hiru urte. Gurasoen erreakzioa txarra izan zen, eta Londresera alde egin eta harremana etetea erabaki zuen. Guraso damutuen etxera itzuliko da berriro Gabonetan, Cindy neska-lagunarekin. Baina Cindy Elenaren fantasia bat da, ikusezina. Hainbat gatazka izan ondoren, alabaren fantasia onartzen ahaleginduko dira. Mireia Gabilondok zuzendua, Iñigo Aranburu, Aitziber Garmendia, Iñigo Azpitarte eta Mireia Gabilondo dira antzezleak. Otsailaren 17an izango da, Usurbe Antzokian.
‘MUCHOS AMIGOS NEGROS’
«Gure sinesmen eta printzipioen flotazio-lerroari zuzenean begiratzen dion kontakizuna, dramaturgia probokatzailea, elkarrizketa biziz betea, barretik dramara etenik gabe pasatzen dena. Errealitateari lotutako istorio bat, gaurkotasun biziko gai bati ematen diona: pertsona ezezagunari, migratzaileari, beste erlijio bateko jarraitzaileari, gizarte-klase ahulagoa duenari edo bestelako joera sexuala duenari beldurra edo arbuioa. Geruzen azpian ezkutatzen dugun sentimendua da. Ezberdin denarekiko, aniztasunarekiko beldurra, guztiok ezkutatzen duguna, izan ere, denok ditugu ‘lagun beltzasko’». Garbi Losadak zuzentzen du, eta Ramon Ibarra, Asier Hormaza eta Asier Sota dira antzezleak. Ados Teatroaren ekoizpena da. Otsailaren 24an izango da, Herri Antzokian.
‘TOTO’
Martxoaren 17an, Herri Antzokian. Mafalda Bellido egilearen antzezlana Kepa Errastik itzuli du, Agurtzane Intxaurragak zuzendua. Miren Gojenola eta Asier Hernandez dira antzezleak. Hika Tetaroak ekoizitako lana da. Maik eta Joseluk Toto txakurraren kustodia partekatzen dute, baina Toto galdu egin da, Joselurekin zegoela. Trajediak izan daitezkeen eztabaidak, umoretik.
‘CABEZAS DE CARTEL’
Antzerki konpania txiki bat Cabezas de cartel antzezlana prestatzen dabil, zuzena dena eginda askeak izatearen inguruan. Sortze-prozesuaren momentu kritiko batean daude. Printzipio etikoak eta garrantzitsuak sentitzeko beharra aurrez aurre jarriko dira. Martxoaren 24an izango da, Usurbe Antzokian. Perigallo Teatro-ren eskutik. Celia Nadal eta Javier Manzanera dira antzezleak.
‘YERMA’
Maria Goirizelaia da egilea eta berak zuzentzen du. Patxo Telleriak egin du itzulpena eta antzezleak Ane Pikaza, Aitor Borobia, Unai Izquierdo, Loli Astoreka eta Leire Orbe dira. La Dramatica Erranteren ekoizpena. «Bera artista bilbotar ospetsua da. Bere senarra, negozio-gizon arrakastatsua. Ahizpa, bizitzak harrapatutako emakumea. Bere amak inoiz besarkatu ez zuen pertsona hori. Eta bere bikote ohia ama izateko aukera eman ziezaiokeen norbait». Apirilaren 14an, Usurbe Antzokian.
‘FAMILIA SAREKADA’
Etxean lasai afaltzen dagoen familia batek poliziaren sarekada bat jasan du, familiako kideren batek etxeko porno sare bat darabilen susmoa dutelako. Akusazioen oinarri diren artxiboak ez dira diruditenak. Aizpea Goenagaren itzulpena. Ainhoa Aierbe, Mikel Laskurain, Nerea Gorriti eta Xanti Korkostegi antzezleekin. Apirilaren 21ean, Herri Antzokian.