Inoizko bilketarik oparoena
Goierri Moherrik 8.825 euro lortu ditu aurtengo Movember kanpainan. Barrabiletako eta prostata minbizien inguruan kontzientziatzea du helburu mugimenduak.
Aurten ere Movember kanpainarekin bat egin du Goierri Moherri taldeak. 2008an sortu zuten taldea, Ordizia Rugby-ko jokalari eta kide batzuen bidez. Nick Knight Ordizian bizi den britainiarra izan zen sustatzailea. Harrezkero kide gehiago batu zaizkio eta urtero azaroan zehar hainbat ekintza egin dituzte gizonen osasun mentalaren eta prostata eta barrabiletako minbizien inguruan kontzientziatzeko helburuz. Diru bilketa ere egiten dute 2012tik, eta aurtengo bilketa inoizko oparoena izan da.
8.825 euro lortu ditu Goierri Moherrik. Estatu mailan, ehun taldek parte hartu dute leku ezberdinetatik. Moherrikoak 3. bilketarik handiena egin du aipatutako kantitatea lortuta. Estatu mailako Movember Fundazioak gizonen osasun fisiko eta mentalerako lan egiten duten programetara bideratuko du dirua.
73 itsulapiko kokatu zituzten Ordiziako, Beasaingo eta Lazkaoko denda, taberna eta bizartegietan, eta hiru herrietako ferietan merchandising-a saldu zuten. Lazkaon, Areria Aretoan umorezko emanaldia eskaini zuten JJ Vaquerok, Alex Rabanalek eta Kike Bigurik, eta 324 sarrerak agortu ziren. Ampo Ordiziaren, Antzar Triatloi Taldearen, Basurdeteam MTB-en eta Larrun-Arri Elkartearen laguntza ekonomikoa ere izan zuten.
Probak egitea
Diru bilketaz gain, baina, «gaia naturaltasunez jorratzea, bisibilizatzea eta horren inguruan sentsibilizatzea» du helburu Movember-ek, Kike Biguri eta Nick Knight Moherriko kideek azaldu duten bezala, eta horretan ere aurrerapausoa nabari dute. «Bilketaren arrakasta bistakoa da. Gainera, kolaborazio handiagoa ikusi dugu, eta baita kontzientzia handiagoa. Bibote gehiago ikusi ditugu goierritarren artean». Kontzientziazio ekintzen barruan, barrabiletako minbizia izan duten Markel Irizar-ek eta Dani Iturbek eta Estitxu Rekaldek farmazialariak hitzaldia egin zuten D’elikatuzen.
Hurrengo urtera begira, hasi dira kanpainan egin dezaketena pentsatzen. Ikastetxeetan hitzaldiak egitea planteatu dute, gazteei haien osasun arazoez modu naturalean hitz egiten laguntzeko. «Garrantzitsua da mina izanez gero, edo izan gabe ere, barrabiletako eta prostata minbizien aurkako azterketak egitea».
Denen esku
Eskualdeko eragile eta herritarrak ekimenaren parte izatea «garrantzitsutzat» jo dute, gaiari beharrezko indarra emate aldera. Azken urteotan, Atzegi eta Garaguneko lagunekin egin dute elkarlana. Bi elkarteetako kideek paperezko biboteak sortu dituzte ondoren azaroan egin dituzten pintxo-biboteetan erabiltzeko.