'Andra Berri' aldizkaria kalean da
Beasaingo Andramendi ikastolako ikasle eta irakasleek elkarlanean, 'Andra Berri' aldizkaria sortu eta lehen alea kaleratu dute. Dagoeneko salgai dago.
Aldizkari berri baten sorrera izan da. Andra Berri du izena eta Beasaingo Andramendi ikastolako 180 inguru ikasle eta irakasleren lanaren emaitza da. Lehen ale honetan, arlo desberdinetan jarduten duten Goierriko hainbat pertsonei elkarrizketak, albisteak, eta bestelako atal interesgarriak gehitu dituzte, 80 orritan. Horrekin batera, denborapasen gehigarria ere argitaratu dute, 48 orrikoa.
Atzo arratsaldean egin zuten aldizkariaren aurkezpena eta salmentara atera zuten. Sorkuntza prozesuaren inguruko xehetasun guztiak eman zituzten aldizkariaren egileek; «Aurtengo ikasturtean Ikastolako DEIren (Denei Erakusteko Ibilbidea) barruan talde kooperatiboen lanketa beste modu batean bideratu nahi izan dugu. Proiektu errealak sortu eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztien artean aldizkari bat sortzea izan da lehen hiru hilabeteotako helburua».
Lan handia egin dute lehen ale hau argitaratu ahal izateko, halaxe kontatu dute prentsaurrekoan: «Astean lau orduz, bi arratsaldez, Lehen Hezkuntzako 1-3 eta 4-6 bitarteko ikasleekin 4-5 laguneko taldeak osatu ditugu aldizkaria sortzen hasteko». Prozesua «zerotik» hasi dute, «aldizkari desberdinak aztertu eta aldizkari batek izan ditzakeen atal desberdinak zerrendatu» zituzten. Ondoren, «ikasle bakoitzak aldizkariaren zein ataletan parte hartuko luketen aukeratu eta interes horietatik abiatuz taldeak osatu ditugu».
Prozesuan zehar gauzak sortu, aldatu, berregin… denetik egin behar izan dute eta azkenean sortu dituzten eduki guztiekin bi aldizkari sortu dituzte.
Elkarlana
Proiektua aurrera ateratzeko, nabarmendu dute «elkarlana» izan dela guztiz garrantzitsua. Tutoreen lana izan da «baliabideak eskaintzea», eta ikasleek eurak egin dute gainontzekoa. «Lan egiteko beste modu bat izan da!», ondorioztatu dute.
Horren guztiaren emaitza, atzo aurkeztutako Andra Berri aldizkaria. «Guztiz ibilbide aberatsa, jolasak eta aldizkaria pentsatu, antolatu, idatzi, maketatu, inprimategitik pasatu eta saldu bitartekoa». Asmoa da, urtero ale bat argitaratzea.