Carlos Pintok amaiera bikaina eman dio motor denboraldiari
Lehen postua eskuratu du Gaztela-Mantxako Motoziklismo Federazioak antolatutako txapelketan, eta bi hirugarren postu lortu ditu beste bi txapelketetan.
Carlos Pinto motor pilotu legazpiarrak emaitza ezin hobeekin amaitu du lasterketa denboraldia. Lehen postua eskuratu du Gaztela-Mantxako Motoziklismo Federazioak antolatutako txapelketan, eta bi hirugarren postu lortu ditu beste bi txapelketetan. Horietako bat CIV erkidego arteko abiadura txapelketan lortu du, eta bestea, Open Easy Race txapelketan. Azken bi lehia horiek Espainia mailakoak dira. Afizionatuentzako moto lasterketak izan dira guztiak, eta Pintok Open 1000 kategorian parte hartu du, 2021. urteko Ducati Panigale V4 motorrarekin.
Pinto «oso-oso pozik» dago lortutako emaitzekin. Duela lau urte hasi zen motorrarekin lehian, eta aurtengo denboraldia «ikasteko eta mundu horretan sartzeko» asmoarekin abiatu bazuen ere, «aurre-aurrean» egon da beti, eta podium ugari egin ditu. «Oso une atseginak bizi izan ditut, eta ikaragarri gozatu dut». Denbora guztian ondoan izan duen Nerea Navarro bikoteari eskerrak eman nahi dizkio, baita familiari eta lagunei ere.
Orain, hurrengo denboraldia du buruan. Asturiasko Mieres Racing Team taldearekin lehiatuko da berriz, kontratua berritu eta gero, eta kategoria igota, Espainiako Kopa egingo du.