Eliza emozioz betea
Emotio taldeak Gabonetako kontzertua eskainiko du gaur, Ordiziako elizan, 20:15etik aurrera. Abesti herrikoiak zein klasikoak interpretatuko dituzte ordiziarren gozamenerako.
Gabonetako kontzertuek ez dute etenik. Gaur, Emotio taldearen txanda izango da. Gabonetako kontzertua eskainiko dute, 20:15etik aurrera, Ordiziako Andre Mari Jasokundea parrokian. Errepertorio zabala prestatu dute bertaratzen diren herritarrek goza dezaten. Bihar, aldiz, Oroith, Oroith Txiki eta Oroith Gazte abesbatzen kontzertua izango da.
Emotio taldea Oporton (Portugal) egon da. Urrian izan ziren bertan. Iglesia de los Clerigos elizan eskaini zuten kontzertua, eta baita Recardaes herrian, bertako orfeoiarekin, haien urteurreneko ospakizunean. «Bidaia zoragarria» izan zela azaldu du taldeak. «Xabier Sarasolaren obra dezente eraman genituen hara». Han interpretatu zituzten hainbat pieza eramango dituzte Ordiziara, eta baita Gabonetako ohiko kantak: Jesus Guridiren Hator Hator, Xabier Sarasolaren Gau Ilunak, Cantemos a Maria Hegoameriketako abesti herrikoia edota Adeste Fideles klasikoa. Pianoan Arantxa Gastesi egongo da, Olatz Amozarrain zeharkako txirulan eta Jesus Mari Andres eta Elene Andres perkusioan.
Kontzertu amaierarako «doinu oso herrikoiak» gordeko dituzte, «jendeak parte hartu dezan». Tartean, Ole Olentzero edo I wanna wish you a merry christmas abestiak. «Folklore pixka batekin amaituko dugu».
Emotiok «tinko» jarraitzen du eta taldearen lana plazaratuko dute gaur. Herritarrak gustura egotea eta parte hartzea espero dute, «bestela ez dauka zentzu handirik».
Bihar eta etzi, gehiago
Bihar, aldiz, Oroith, Oroith Gazte eta Oroith Txiki abesbatzen gabonetako kontzertua izango da, 20:00etan, parrokian. Larunbatean, Eguberrietako abesbatzak kalera aterako dira giroa alaitzera. Urte amaiera, beraz, musika eta emozioz beterikoa izango da, kalean zein elizan.