Goierriko landetxeak familien Eguberrietako elkarguneak
Segurako Ondarre landa etxea, esaterako, beteta egongo da Eguberrietako hiru asteburuetan. Eneko Goibururen esanetan, azken hamar bat urteetan familia berdinak joaten dira.
Gabonak ospatzeko modu asko daude. Asko dira egun horiek etxetik kanpora pasatzea aukeratzen dutenak. Bidaiatzea da aukera bat. Indarra hartzen ari den beste aukera bat, landetxe batera joatea da. Garai polita izaten da landetxeentzat, goi denboraldia da haientzat. COVID-19ak eragindako azkeneko bi urteetako mugak gainditu dituzte eta aurten lanaldi bete-betean dira.
EAEko landa ostatuen Nekatur elkarteko Ane Cospedalen esanetan, «Gabonetarako landa-ostatu oso bat alokatzeko ohitura badago, baina bereziki Gabonzahar gauean da nabarmenagoa». Orokorrean bertako jendeak hartzen dute ostatu egun horietan: «Jende euskalduna izaten da, etxe osoa alokatzen dute. Familia biltzeko espazio zabalago baten beharrean etxetik gertu gelditzen da landa-ostatua alokatuta. Askotan etxe bera errepikatzen dute urtero».
Okupazio datuak
Nekaturrek emandako datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landetxeen okupazioa % 74koa da abenduaren 24ko gauean; Goierriko landetxeetan abenduaren 24ko okupazioa %31,71koa da. Urte Zaharrean kopurua handiagoa da: EAEn, %75,79koa; Goierrin, %54,05koa.
Segurako Ondarre landa etxea beteta egongo da Eguberrietako hiru asteburuetan. Eneko Goibururen esanetan, azken hamar bat urteetan familia berdinak joaten dira Ondarrera abenduaren 24a eta 25a, abenduaren 31 eta urtarrilaren 1a, eta Errege inguruan. Euskal Herriko familiak izaten dira, «gertukoak». Errepikatu egiten dute gainera. «Gaur egungo etxe askotan ez da lekurik izaten familia osoak elkartzeko eta landetxeek aukera hori ematen dute etxe osoa alokatuta».
Belaunaldi arteko topagunea
Ondarrera joaten diren familien kasuetan, familia bereko hiru belaunaldi elkartzen dira. Aitona-amonak, seme-alabak eta bilobak. «Garai bateko baserrietako ohitura berreskuratzeko aukera ematen dute landetxeek. Etxean bezala sentitzen dira baserri batean». Ondarreko jabeentzat ez da lan askorik izaten. Etxe osoa alokatzen dutenez, «zerbitzu gutxiago» eman behar izaten dituzte eta. Hala ere, «beti gainean egon behar izaten da, bezeroek zerbait eskatzen badute. Parrilla piztea dela, paellera bat dela…».
Etxeko txikienek agian kezkaren izan dezakete Mari Domingi eta Olentzero Gabonetako elkargune berrira iritsiko ote diren. Baina lasai, arazorik ez dago, pertsonaia magikoek bidea ondo baino hobeto ezagutzen baitute.
Gaztaren salmentarako garai ona
Ondarre landetxea gaztandegia ere bada eta segurarraren esanetan, abendua garai polita izaten da gaztagileentzat. «Saskiak direla, opariak… gazta asko saltzen da Eguberrietan». Hala ere, «abenduan gazta berriak egiten hasiko dira, eta iazko kanpainako gazta gutxi geratzen zaizkigu kameran».
Landetxean egonaldia
Oparien gaiarekin jarraituz, Eguberriak opariak erosteko eta jasotzeko garairik garrantzitsuena da. Askorentzat buruhauste handia izaten da bikotekidearentzat, senide edo lagun batentzat opari egokia aukeratzea. Ideia bat izan daiteke Euskal Herriko landetxe bateko egonaldia oparitzea.