'Kattalin', urteari agur esateko doinua
Ohi bezala, Ordiziako Beti Argi Musika Banda kalez kale ibiliko da abenduaren 31n, 'Kattalin, poxpolin' abesti herrikoia joaz. Gurrutxagak kantuaren sarrera eta bukaera moldatu zuen.
Ordiziako kaleak alaitzen ibiliko da Beti Argi Musika Banda abenduaren 31n, ohi bezala. Urtero legez, Kattalin Poxpolin abestia joko dute, urteari agur esateko, ordiziarrak kalejiran atzetik dituztela. Abestia, doinua eta letra, herrikoia da, eta nahiz eta beste hainbat tokitan ere ezaguna den, Ordizian urteko azken eguna denaren seinale bihurtu da.
Josune Aierbe Beti Argi Musika Bandako zuzendariak azaldu duenez, abestiaren egilea ezezaguna da, belaunaldiz belaunaldi transmititu den abesti eta doinu horietako bat da eta. «Ordizian, Gurrutxagak, bandako zuzendaria izan zenak, Aires Vascos bandako kantu batetik hartu eta sarrera txiki bat eta bukaera txiki bat atxikitu zion». Eusko Ikaskuntzak jasotako Euskal Kantutegiko berezko testuan, Kattalin maitea esanez amaitzen da abestia, baina ordiziarrek ez dute hala abesten. Hasierari dagokionez, berriz, Kattalin poxpolin esaldia ez da agertzen berezko testuan. Gurrutxagak sortutako moduan jotzen eta abesten dute gaur egun abestia.
Zarautzen tabernaz taberna abesten omen zuten. Ordizian, kalerik kale abesten da urte zahar egunean. Elegantez jantzita ateratzen dira bandako kideak, eta haien eskutik, jai giroan murgiltzen da herria. «Ordiziako herriak asko maite du eta denok motibatzen gaitu urte zaharrari agur esateko». Urteari agur esateko unea izango da abenduaren 31. Ordiziarrak, ohi bezala, kalera irtengo dira eta Kattalin-en doinuaren laguntzaz esango diote agur 2022ari.
Eguberrietako emanaldia
San Silvestre lasterketaren ondoren aterako da Ordiziako musika banda kaleak girotzera Kattalin joaz, 19:30ean. Urte amaiera iritsi baino lehen, halare, beste bi emanaldi eskainiko dituzte. Abenduaren 25ean, 10:30etik aurrera, diana joko dute kalerik kale. Ondoren, 13:00etan, Eguberrietako kontzertua eskainiko dute Plaza Nagusian.
‘KATTALIN, POXPOLIN’ ABESTIAREN LETRA
«Kattalin, poxpolin.
Elizatikan konbenturaino, egin digute galtzara.
Elizatikan komenturaino, egin digute galtzara.
Azkeneko eguna da eta.
Azkeneko eguna da eta.
Azkeneko eguna da eta,
goazen guztiok dantzara.
Txin Txin, txilibitu doinua.
Txin Txin, txilibitu danbolin.
Horrela bizi bagina beti.
Horrela bizi bagina beti.
Horrela bizi bagina beti,
ondo ginake Kattalin.
Txin txin, txilibitu doinua,
txin txin, txilibitu danbolin.
Horrela bizi bagina beti,
horrela bizi bagina beti,
horrela bizi bagina beti,
ondo ginake Kattalin».