Ordiziako San Silvestre probako inskripzioa doakoa izango da aurten
Garaguneko kideekin elkarlanean egin dituzte medailak eta parte hartzaile guztiei banatuko zaizkie.
Ordiziako San Silvestre probako inskripzioa doakoa izango da aurten. 15 urtetik gorako guztiek parte hartu ahal izango dute lasterketa nagusian. Izen-ematea www.kronoak.com helbidean egin behar da. Sariak lehenengo hiru sailkatuentzat izango dira, kadete mutil eta neska, senior mutil eta neska eta nagusi edo beterano mutil eta nesken kategorietan.
Aurten beste berritasun bat ere izango da. Ohiko pinaren ordez, korrikalari guztiek medaila bana jasoko dute oroigarri bezala. Garaguneko kideekin elkarlanean egin dituzte egurrezko medailak, eta udala “oso gustura” agertu da emaitzarekin. Haurrentzako proba ere egongo, benjamin, alebin eta infantiletan.
Helduen dortsalak frontoi txikian jaso beharko dira. Lasterketa baino egun bat lehenago, abenduaren 30ean, 10:00etatik 12:00etara edo 18:00etatik 20:00etara jaso ahal izango dira, eta abenduaren 31n, lasterketa egunean, 11:00etatik 14:00etara edo lasterketa hasi baino lehen. Dortsalak jasotzerakoan haurrek ere izena emateko aukera izango dute.
17:00etatik aurrera izango dira Ordiziako San Silvestre probak. Proba nagusiaren ostean, dutxatzeko aukera egongo da Beti Alai pilotalekuan.