Udazkena agurtzeko, koloretako barazkiak
Bederatzi barietatetako zerbak eta kardu gorria izan dira udazkeneko azken feriari kolorea jarri dioten berritasunak. Perretxikoen atalak pobre jarraitzen du, eta niskaloak bakarrik izan dira aukeran.
Aurtengo udazkeneko azken azoka izan zen atzokoa, eta urtaro horrek agur berezia jaso zuen, plazako postuak koloretako barazkiz bete zirelako. Eguraldi aldetik egun ederra izan zen, eta horrek lagunduta, jende ugari hurbildu zen Ordiziara.
Udazkena agurtu zuen koloretako barazkietako bat azelga edo zerba izan zen. Horiez beteta oso ikusgarria zuen postua Itsasoko Maria Jesus Oriak. Bederatzi barietate desberdin eraman zituen, kirten edo penka arrosa, granate, laranja, berde edo zuriekin, eta tamaina eta forma desberdinetako ostoekin. Sorta euro batean zuen salgai.
Oriaren postuan jende asko ibili zen atzo beste arrazoi batengatik ere. Izan ere, duela aste bate pasatxo ferian saltzen 50 urte lanean ibilitako Agustina Lopetegi ama hil zitzaion. Emakume ezaguna zen Agustina Ordizian, eta duela bost urte feriara joateari utzi bazion ere, erosle askok eta askok gogoratzen zuten oraindik.
Koloreekin jarraituz, kardua ere aipatu behar da. Edurne Jauregik eraman zuen pieza handi bat, gorria, eta bi zatitan banatuta, azkar asko saldu zuen. Pieza osoak 5 euro balio zuen.
Bestetik, badira aste batzuk Ibarrako Montesen postuan azalore morea salgai dutela. Eta laranja koloreagatik, niskaloak ere aipatu behar dira. Arantxa Lopetegik eraman zituen hiru kilo, eta 20 euroan jarri zuen kiloa.
Agurra eta feria berezia
Denboraldiari agur esateko feria ere izan zen atzokoa saltzaile batentzat. Sagarrak agortu zaizkiola eta, hurrengo udaberrira arte agurtu da Errezilgo Jose Antonio Aizpuru; baba handiekin itzuliko omen da apirila erdi aldean. Hala ere, datorren asteazkenean egingo den Gabonetako feria berezian izango dela aurreratu du, baina Garagartza plazan.