Zintzo Mintzo: 30 urte... eta aurrera!
Urretxuko eta Zumarragako Zintzo Mintzo euskara elkarteak beka bat sortu du, elkarteak bere 30 urteetan egin duen lana jasotzeko eta euskal komunitate digitala sustatzeko.
Duela 30 urte Urretxuko eta Zumarragako euskaltzale talde batek Zintzo Mintzo euskara elkartea sortu zuen. Ordutik, elkarteak sekulako ekarpena egin du. Urteurrena ospatzeko, Zintzo Mintzok beka bat sortu du. Helburua elkartearen inguruko ikerketa egitea eta euskal komunitate digitala sustatzea da.
Urretxun eta Zumarragan euskararen erabilerak izan duen bilakaera izan da beka sortzearen bigarren arrazoia. Izan ere, Urretxun eta Zumarragan egin zen azken kale neurketan gazteen erabilera %5,4ekoa besterik ez dela ikusi zen eta euskara elkarteak gazteen artean erabilera sustatzeko ahalegin berezia egitea erabaki du.
Gazteak
Beka horrek bi zati izango ditu: azken 30 urte hauetan Zintzo Mintzo Euskara Elkarteak izan duen ibilbidearen inguruko ikerketa lan bat egitea eta Urretxuko eta Zumarragako euskal komunitate digitala sustatu, elkartea komunikazio bide berrietan egokitu eta belaunaldi berrietako gazteengana iritsi. Horretarako, sare sozialak elikatu beharko ditu.
Horren guztiaren informazio zehatzagoa Zintzo Mintzoren Facebook orrialdean eta bi udalen webguneetan zabaldu da. Lanak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 9an amaituko da eta zintzomintzoeuskaraelkartea@gmail.com helbidera bidali beharko dira. Onuraduna nor den urtarrilaren 21ean esango da (Zintzo Mintzok 30 urte betetzen dituen egunean).
Zintzo Mintzoko kideak kezkatuta ageri dira euskararen erabilerak behera egin duelako. Baina beraien ekarpenaz harro egoteko moduan daude. 30 urte hauetan hamaika ekimen jarri dituzte bai bakarrik edo inguruko elkarte eta erakundeekin elkarlanean: Otamotz aldizkaria, Otamotz.eus webgunea, GOIERRIKO HITZA egunkaria, haurrentzako zine emanaldiak, Goierri elkartearen ondoan egon zen ludoteka, Jose Luis Ugarteren toponimia liburua, Xabier Lasaren Urretxuko eta Zumarragako euskarari buruzko liburua, Urretxuko Santa Anastasia jaietako kantu afaria eta kandela piztea, mintzalaguna, mintzodromoa…
Ze presentzia izango luke euskarak Urretxun eta Zumarragan Zintzo Mintzo existituko ez balitz?