Izagirre da Euskal Herriko ziklokros txapelduna
Gizonezkoen open mailan eskuratu du ormaiztegiarrak urrezko domina. Kadeteen mailan, berriz, Aner Irizar zumarragarrarentzat izan da bigarren postua.
Ion Izagirre da Euskal Herriko ziklokros txapeldun berria. Urrez eskuratu du ormaiztegiarrak open mailako gizonezkoen sailean. Pasa den abenduaren 31n jokatu zen Tolosan Euskal Herriko Ziklokros Txapelketa Oriako Txirrindulari Eskolak antolatuta. Lau lasterketa jokatu dira: master 40, 50 eta 60 mailetakoa, kadete mailakoa, gazte mailakoa eta openak. Kadete mailan beste goierritar bat ere igo zen podiumera, Aner Irizar zumarragarrak zilarra eskuratu du, esprintean egindako lan bikainagatik.
Peio Goikoetxeak erritmo indartsua jarri zuen hasieratik gizonezkoen open mailako lasterketan. Lehendabiziko itzulia gaindituta, Jonathan Lastrak lasterketaren buruan jartzean lortu zuen. Hala gainditu zituen hainbat itzuli, bizikletan izandako arazo mekanikoek atzean geratzea behartu zuten arte. Iñigo Gomenezk ez zion aukerari ihes egiten utzi eta lasterketaren buruan jarri zen, baina segituan batu zitzaion Izagirre. Irteten azkeneko txirrindularia izan zen arren, aurkari guztiak banan banan gainditu zituen ormaiztegiarrak, eta azken hiru itzuli osoak bakarrik egin zituen. Arazo mekanikoak gaindituta, Lastrak erasoari eman zion berriz ere, eta nahiz eta Izagirrerengana gerturatzea lortu zuen ezin izan zuen ormaiztegiarra harrapatu. Helmugan Izagirre izan da txapeldun, Lastra bigarren eta Gomez hirugarren.
Zilarra Irizarrentzat
Kadeteen mailako lasterketan ere lehia estua bizi izan zen gizonezkoen artean. Hasierako bi itzulietan hamar txirrindularik osatutako taldea mantendu da lasterketa buruan, baina lasterketaren erdialdetik aurrera hasi da txapelketa erabakitzen. Arkaitz Suso faboritoa matxura izan eta atzean geratu ostean Iker Colmenero jarri zen lasterketaren buruan. Aukera ondo aprobetxatu eta txapelketa eskuratzea lortu zuen. Bigarren postua esprintean erabaki zen. Aner Irizar zumarragarrarentzat izan da zilarrezko domina eta Eñaut Bilbaorentzat brontzea.