Hondarreko hanka-jokoak
San Silvestre krosekin, korrika amaitu dute urtea Goierriko zazpi herritan. Kirol erakustaldietatik harago, festa giro herrikoia nagusitu da probetan. Albiste barruan, zazpi probetako sailkapenak.
Ordiziako 45. San Silvestre lasterketaren podiuma. Ehunka lagunek parte hartu zuten, larunbatean, Urtezahar egunerako Goierrin programatutako zazpi San Silvestre krosetan. Mende erdiko tradizioa du urtea korrika amaitzeko usadioak, Beasain eta Ordizia aitzindarietan. Sona handieneko krosa Beasainen jokatu zen, Beti-Bizi elkarteak antolatuta. Hicham Sigueni marokoarrak irabazi zuen, lau atletaren arteko esprintean. Rio Janeiroko 2016ko Joko Olinpikoetan parte hartua da Sigueni. Nesketan, Tuterako Aicha Bani herkidea izan zen garailea. 247 lagunek bukatu zuten 9,75 kilometroko Beasaingo proba.
Iluntzean, Ordiziako korrikaldia ere jendetsua izan zen. Izen-ematea itxi behar izan zuten, 500 jotakoan. 467k bukatu zuten 6,325 kilometroko lasterketa. Eta irabazle, herriko Txindoki atletismo taldeko bi harribitxi: Eneko Agirrezabal segurarra eta Iraia Mendia lazkaotarra.
Iraia Mendiari omenaldia
Iraia Mendiak sari bikoitza poltsikoratu zuen. Ordizian iluntzean bezalaxe —han Etor Mendia aitarekin egin zuen korrika—, eguerdian Lazkao sorterrian irabazi zuen. Eta podiumean, bigarren lekuan, Naroa Arrieta ama lagun. Jendetsua izan zen Lazkaokoa ere: 377 korrikalari helduetan, eta haurren probatxoak batuta, 450 baino gehiago.
Tri-Antzar talde antolatzaileak omenalditxoa ere egin zion Iraia Mendiari, korrikaldia hasi aurretik. Aurreskua dantzatu eta lore sorta oparitu zioten, 2022ko denboraldiko kirol lorpenengatik. Txindoki Jaso taldearen elastikoarekin azken eguna izan zuen Mendiak; Bilbao Atletismo klubean ariko da 2023an.
Zegama, nazioarteko
Zegamako San Silbestre krosak ere 309 lagun bildu zituen. Kanpoko partaide asko, tartean, Zegama-Aizkorri mendi maratoirako zozkatu zituzten hiru dortsalen jabe izateko ametsetan. Gizonetan Loic Robert eta emakumetan Perrine Abadie okzitaniarrak atera ziren garaile.
Legorretan, Urretxu-Zumarragan eta Legazpin osatu zen urteko azkeneko korrikaldien bailarako maratoia.
SAILKAPENAK
Beasain (47. krosa, 9,7km)
- Gizonak. 1. Hicham Sigueni (Onda, Espainia, 28:48), 2.Sergio Jimenez (Espainia, 28:49),
3. Abdelkader Al Gham (Iruñea, 28:50). - Emakumeak. 1. Aicha Bani (Tutera, 35:58), 2. Kaoutar Boulaid (Espainia, 35:58), 3. Arancha Tejero (Espainia, 37:02).
Lazkao (10. krosa, 5,3 km)
- Gizonak. 1. Ander Garin (Alegia, 16:13), 2. Beñat Bereziartu (Lazkao, 16:21), 3. Angel Vazquez (Lazkao, 16:26).
- Emakumeak. 1. Iraia Mendia (Lazkao, 17:12), 2. Naroa Arrieta (Lazkao, 20:38), 3. Sandra Gans (Valentzia, 20:45).
Legazpi (3. krosa, 5 km)
- Gizonak. 1. Jon Otermin (Urretxu, 15:44), 2. Jon Telleria (Legazpi, 15:45), 3. Miguel Angel Encina (Legazpi, 16:07).
- Emakumeak. 1. Irati Zurutuza (Legazpi, 17:58), 2. Irene Paredes (Legazpi, 20:31), 3. Amaia Aranguren (Legazpi, 21:37).
- Bikoteka. 1. Jose Ramon Hernandez eta Irene Paredes (Hervias bikotea, 20:31).
Legorreta (30.krosa)
- Gizonak. 1. Aitor Zunzunegi, 2. Ekhi Zugasti, 3. Haritz Arteaga.
- Emakumeak. 1. Arantxa Lasa, 2. Marian Garrantxo, 3. Eider Herrarte.
Ordizia (45.krosa, 6,3 km)
- Gizonak. 1. Eneko Agirrezabal (Segura, 19:48), 2. Angel Vazquez (Lazkao, 19:55), 3. Eñaut Intsausti (Ordizia, 20:09).
- Emakumeak. 1. Iraia Mendia (Lazkao, 25:10), 2. Laida Elizegi (Zaldibia, 25:19), 3. Ane Urteaga (Ordizia, 26:19).
Urretxu eta Zumarraga (6.krosa, bikote mistoena, 5 km)
- Bikoteka. 1.Miren Bastida eta Beñat Ibañez; 2. Saioa Soraluze eta Aritz Egea; 3. Jone Cerezo eta
Iñaki Okariz.
Zegama (10.krosa, 5,2 km)
- Gizonak. 1. Loic Robert (Gan, Okzitania, 16:19), 2. Raul Amatriain (Uitzi, 16:45), 3. Romain Lacaste (Paue, Okzitania, 16:46).
- Emakumeak. 1. Perrine Abadie (Tarbe, Okzitania, 18:39), 2. Irati Larrañaga (Usurbil, 20:39), 3. Leire Elola (Tolosa, 20:53).












