Plazan hasi eta bukatuko da Ordiziako Mendi Lasterketa, otsailaren 12an
Bederatzi lasterketaz osatutako Goierri Trail Kopako bigarren proba izango da. Otsailaren 11ra arte eman daiteke izena. Aralar inguruan izan ordez, Murumendi aldean ibiliko dira lasterkariak.
Aitor Zuntzunegi 2021eko Ordiziako maratoi erdiaren irabazlea, Larraizko helmugara iristen. Argazkia: Ane Garmendia Aurtengo Goierri Kopa Traileko egutegia jakinarazi dute, eta Ordiziakoa egutegiko bigarren proba izango da berrikuntza nagusia. Otsailaren 12an jokatuko da. Izena emateko epea zabalik dago, otsailaren 11ra arte. Parte hartu nahi dutenek www.kronoak.com webgunean egin dezakee inskripzioa. 25 euroko prezioa du izen emateak. Goizeko 09:00etan hasiko da lasterketa, Ordiziako plazatik, eta amaiera puntua ere Ordiziako plazan izango da. Ibilbideak 21 kilometro izango ditu. Maratoi erdia osatu beharko dute lasterkariek, 1.100 metro desnibel positibo eta negatiboarekin.
Kategoria ezberdinetan banatu dute proba. 45 urtez gorako masterrak, seniorrak, 23 urtez azpikoak eta ordiziarren kategoriak izango dira, nesketan eta mutiletan. Sari banaketa 12:30-ean egingo dute. Irabazleek 100 euro eta garaikurra jasoko dute, bigarren sailkatuek 50 euro eta garaikurra, eta hirugarren sailkatuek 30 euro eta garaikurra. Dortsalak irteera puntuan banatuko dituzte, Ordiziako plazan, lasterketa hasi aurretik , 07:00-etatik aurrera. Derrigorrezkoa izango da NANa aurkeztea dortsala jasotzeko. Hiru anoa postu jarriko dituzte, bosgarren, hamargarren eta hamabosgarren kilometroetan gutxi gora-behera. Korrikalari bakoitzak bere edalontzia eraman beharko du. Kontsigna zerbitzua helmugan egongo da, eta karrera amaitzerakoan, Majori-Altamira kiroldegian dutxa zerbitzua izango da parte hartzaileentzat.
Ordiziako inguruetan
Iaz ez zen Ordiziako Mendi Lasterketarik jokatu. Antolakuntza taldeak azaldu zuen «beste ikuspegi eta giro bat» eman nahi ziotela lasterketari, eta Txindoki Atletismo Taldearekin elkarlana hasiko zuela aurtengoa antolatzeko. Hala, Txindoki AT da antolatzailea aurten.
Ikuspegi aldaketa horrekin, antolakuntzaz gain, Ordiziako Mendi Lasterketaren ibilbidea eta data ere aldatu dute. Aurreko urteetan Larraiztik Aralar aldera egin izan da karrera, urrian. Aurten, ordea, Ordizia inguruan egingo da, otsailean. Plazatik irten, Mariarats aldetik Usurbera igo, Murumenditik bueltatu eta Ordiziako plazara jaitsiko dira.












