Neguko uzta eta eskulan tailerra lehen azokan
2023 urteko lehenengo azoka berezia egingo dute bihar, Beasainen, Loinazko San Martin plaza azpian.
2023 urteko lehenengo azoka berezia egingo dute bihar, Beasainen. Sasoiko barazkiek izango dute protagonismoa; romaneskua, azalorea, brokolia, azelga, ziazerba, daikon arbia, aza, kale aza eta nobedade moduan porruak izango dira.
Barazkiez aparte, izango da bestelakorik ere, Loinazko San Martin plazaren azpiko postuetan: eztia, ogia, loreak eta landareak, tartak eta gailetak, gazta eta haziak. Artisau erara egindako poltsak, lepokoak, umeentzako adur-zapiak eta abar saltzen dituen postua ere izango da eta animatzen den orok, Jenny Cruzek oihalezko panpintxoak egiten ikasteko egingo den tailerrean parte hartu ahal izango du.
Goizean, 10:00etan irekiko dute azoka eta 14:00ak arte egongo da zabalik. 11:30ean izango da panpinak egiteko tailerra. 13:30ean, berriz, azokako produktuez osatutako bi saski zozkatuko dituzte azokan erosketak egindakoen artean.
Hilabeteko lehen larunbateko azoka berezia, Udal gobernuak duela hiru urte martxan jarritako egitasmo bat da eta helburu zehatz batekin abiatu zuten; bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jarri eta garaian garaiko produktuen kontsumoa sustatzea eta areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea. Bide horretan, azoka berezi hau dinamizatzeko erabakia ere hartu zen, hala, hilabetero ekintza ezberdinez osatutako egitaraua izaten da.