Rafa Gonzalez omenduko dute
Madrilen jaioa, 18 urterekin iritsi zen Euskal Herrira. Jubeniletan hasi zen bizikletan, eta batez ere ziklo-krosean ibili zen, beti afizionatu.
Goierriko txirrindularitzaren oinarrizko zutabeetako bat den Rafael Gonzalez Tercerori omenaldia egingo diote, igandean, Ormaiztegin. Madrilen jaio zen 1950ean, eta 18 urterekin iritsi zen Euskal Herrira. Jubeniletan hasi zen bizikletan, eta batez ere ziklo-krosean ibili zen, 1977tik 1982ra, Peugeot, Teka, Super Ser eta Colchon CR taldeetan, beti afizionatu.
Ziklo-krosean Espainiako txapeldun atera zen, afizionatu mailan, 1977an Iruran. Bost mundialetan parte hartu zuen (postu onena Beran, 22.). Ziklo-krosean bi karrera irabazi zituen: Donostian eta Goiurian (Durango). Borrokalaria zen, hasieratik ihes egiten zuena.
Mekaniko laguntzaile ibili da euskal federazioekin, eta 72 urterekin, oraindik lanean segitzen du, belodromoan. Beasainen Gurpil denda eduki zuen, urtetan. Zegaman bizi da.