Izagirre bigarren Ormaiztegiko ziklo-krosean
Cofidis taldeko Jonathan Lastrak irabazi du Ormaiztegiko ziklo-krosa. Ion Izagirrek eta Aitor Hernandezek osatu dute podiuma bilbotarrarekin batera.
Eguraldiak lagundu ez badu ere jendetza bildu du Ormaiztegiko ziklo-krosak gaur goizean. Euskal Herriko egutegiko azken proba izan da Ormaiztegiko 51. Ziklo-Kros proba, egun jokatzen diren guztien artean beteranoena. Urtero bezala, Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak elkarteak antolatu du proba. Lau lasterketa jokatu dira guztira, 10:00etan hasita ordu oro korritu dute mailaka bereizita.
Elite mailako txirrindulariak 13:00etan hasi dute saioa. Ion Izagirre etxeko txirrindularia irten da faborito gisa, Urtezahar egunean Tolosan Euskadiko txapelketa irabazi eta gero beragan jarrita zeuden begi guztiak. Orain taldekide duen (Cofidis) Jonathan Lastra bilbotarra ere faboritoen artean zen eta bien artean lehiatu da hasieratik lehendabiziko postua. Bilbotarra buru zen lehendabiziko itzulian, Izagirrek gertutik jarraituta. Bigarrenean, Izagirrek bilbotarrari aurrea hartzea lortu duen arren, Lastrak dominatu du lasterketa. Izagirrek helmugaratu berritan Goierriko Hitzari aipatu dioenez, lokatzak lasterketa “oso teknikoa” bihurtu du eta hiru eroriko izan ostean, bere buruarengan konfiantza galduta ibili da lasterketa amaitu artean. Hirugarren postuan helmugaratu da gaurko beste faboritoetako bat, Aitor Hernandez. Elite emakumezkoen artean ere ez da sorpresarik egon eta Alicia Gonzalez asturiarrarentzat izan da garaipena.
Sari banaketarekin hasi aurretik, omenaldia egin diote Rafa Gonzalez txirrindulari ohiari. Madrildarra jaiotzez, egun Zegaman bizi da. Goierriko txirrindularitzaren alde egindako lanagatik egin diote omenaldia, Gonzalezek hunkituta jaso du Jon Enrique Ormaiztegiko alkateak emandako oroigarria.
Goierritarrak Gipuzkoako onenen artean
Euskal Herriko Ziklo-Kros egutegiko azken proba izanik, Gipuzkoako eta Euskadi Challenge-ko lasterkari onenak ere gaur erabaki dira. Tartean, goierritar bat baino gehiago izan dira. Gipuzkoako txirrindulari onenen artean izan dira Aitor Zabaleta (Legazpi) bigarren izan da Master 50 mailan, Iñaki Astigarraga (Legazpi) bigarren Master 40an, Oinatz Munduate (Idiazabal) bigarren Master 30ean, Lur Zufiria (Ormaiztegi) 23 urtez azpikoen mailan neskarik onena, Aner Irizar (Zumarraga) lehendabiziko kadeteen mailan eta Gari Ugarte (Legazpi) lehendabiziko junior mailan.
Lasterketako hainbat une iruditan: