Astoaren autoritatea
Aldaketa urtea izan du Lazkaoko Astotxo Egunak, igandeko festarekin. Gipuzkoako Enkarterri astoaren aldeko ekimenak 25 urte bete ditu, eta aitortza egin diete lau sortzaileri. Aro bat bete da.

Erdigunean astoa jarrita ospatu dute lazkaotarrek, inoiz baino gehiago, Astotxo Eguna. Gipuzkoako Enkarterri astoaren erakusketa, kalifikazio eta lehiaketek hartu zuten igandean pisu handiena, pandemiaren bi urteko etenalditik itzuleran.
Aldaketa airea sumatu da. Bat, Egiptorako ihesa kale antzezpena desagerpenak markatua. Bestea, bertako euskal asto arrazaren aldeko berreskurapen lanaren 25. urteurrenarena. Orain arteko ibilbidea jasotzeko dokumental bat prestatzen ari da Antsoategi kultur elkartea; harako irudiak grabatzen ibili dira Arteman etxekoak, urtean zehar ikus-entzunezkoa garatzeko asmotan.
Euskal asto arrazaren aldeko lanaren errepasoa egiteko ere baliatu du Giasel elkarteak Astotxoko juntadizoa. «25 urteotan lana egin da. Astotxogatik sustatu zen elkartea. Orduan hiru asto zeuden, ia desagertzear zen. Gaur 106 ekarri dituzte hona, eta beste 30 bat badaude Gipuzkoan», esan du Giaseleko lehendakari Jose Inazio Mendizabalek. Herrialdeko asto azienda guztiaren %30 inguru dira Enkarterri motakoak.
Kalifikazioa eta lehiaketa
Lau albaitari eta teknikariko taldea jardun da euskal arraza autoktonoaren ezaugarriak dituzten buruak aukeratzen, eta, baldintzak betez gero, izendapen ofiziala esleitzen. Igandean 22 buru ekarri zituzten Lazkaora helburu horrekin, eta 16k lortu zuten. Altuera-neurrietan ez sartzeagatik baztertu zituzten besteak. «Arrazaren neurriak errespetatu behar dira», azaldu du Mendizabalek.
Asto onenen Gipuzkoako lehiaketak ere egin zituzten, gazte eta heldu sailetan, bakoitzean ar eta eme dotoreenak izendatuta. Bereziki lantsua izan zen arren arteko onena aukeratzea. Guztira, 106 asto batu dituzte aberezaleek Lazkaoko plazan.
Errezilgo Maria Jesus Galarragak eta Amasako Gema Arratibelek jaso dituzte gazteen saileko sariak; Ioritz Garmendia lazkaotarrak eta Arratibelek berak helduetako biak.
Sariak emateko, asto lehiaketarekin kolaboratu duten herriko eragileetako ordezkariak gonbidatu dituzte: Mario Aragon (odol emaile elkartea), Maribi Arruabarrena (Laboral Kutxa), Xabier Maiza (San Benito ikastolako zuzendaria), Elvia ahizpa (zistertar mojen komentua) eta Pakea Garmendia (Maizpide).
Lau sortzaile omenduak
Duela 25 urte astoaren berreskurapen lanean hasi ziren lau sortzaileei omenaldia egin diete: Joxpi Intxausti, Migel Mari Arakama, Joxe Manuel Bergara eta Joxe Sarasola. Biloba banak Agurra dantzatu, eta bertso musikatu batzuk abestu zizkieten. «Zuek erakutsi zeniguten /ohitura zarrak mantentzen/ zuei esker segituko dugu/ardo gorri hau ospatzen» bukatu zuten.
Plazako giroa girotzen, ohi bezala Beasaingo, Segurako eta Idiazabalgo txistulariak izan dira, Azpeitiko tronpetariekin. Lazkaoko, Uztaritzeko eta Beasaingo joaldunak ere ibili dira.
Goizean, mojen Santa Ana elizan meza emaile Donostiako gotzain berri Fernando Prado izan zen. Duela 22 urte euskara ikasten Lazkaon egona zela kontatu zuen. Markel Olano diputatu nagusia eta Kepa Zubiarrain alkatea ere izan ziren elizkizunean. Kantaka abesbatzak gabon abestiak abestu zituen, bukaeran.