Bi argazkilari legazpiar talde handi bat agurtzeko
Gorka Salmeron eta Josu Altzelai argazkilari legazpiarrek Hertzainak taldeak eman dituen azken kontzertuak bertatik bertara jarraitzeko aukera izan dute. Gariren bidez lortu zituzten beharrezko baimenak.
Kazetariok bezala, argazkilariak ere pribilegiatuak dira gertakari garrantzitsuen lekuko izaten direlako askotan. Hori gertatu zaie Gorka Salmeron eta Josu Altzelai argazkilari legazpiarrei, Hertzainak taldearen azken kontzertuetan argazkiak ateratzeko aukera izan dutelako.
Altzelai hiru kontzertuetan izan da: BECen (Bizkaia) abenduaren 16an eta 17an eta Gasteizen urtarrilaren 6an; Salmeron, lehenengoan eta azkenean.
Taldeko abeslaria eta herrikidea den Gariren bitartez lortu zuten akreditazioa. Lan hori egin ahal izatea «oparia» izan da batentzat, eta «erregalua» bestearentzat.
Altzelai, fan sutsua
Altzelai taldearen «fan sutsuenetako bat» da. «Gure etxean beti izan da Hertzainaken musika». 48 urte ditu eta bere azken garaiak ezagutu zituen, batez ere. Baina gaztetxoa zela ere joan zen kontzertuetara, «gurasoak enteratu gabe, Txibistora eta…». Horregatik, orain argazkiak atera ahal izatea, «inoiz egin didaten oparirik onenetakoa da».
Eta opari hori Garik egin dio, haren bidez lortu zuelako akreditazioa. Bazuen aurretik harremana Legazpiko abeslariarekin. Iazko Gabonetarako prestatu zuen Berpiztu Legazpi kanpainako bideoan parte hartzeko gonbitea luzatu zion eta baiezkoa esan zuen. Gainera, duela gutxi berriz egin zuen topo Garirekin, «Aztiriako Barku inguruan lagunekin bizikletan zebilela, argazki bat ateratzeko eskatu zidaten». Kontzertuetara kamerarekin joateko baimen eske deitu zionean, «dena izan zen prestutasuna, eta han izan garenean gurekin oso pendiente egon da. Gariren jarrera chapeau izan da. Eta argazkiak ateratzeko orduan erraztasunak besterik ez ditugu izan».
Salmeron, ‘hertzainomanoa’
Salmeronek ere bazuen harremana aurretik Garirekin. «Murgiondo da bion bigarren abizena, eta lehengusu txikiak gara». Baina hori taldea ezagutu eta urte batzuetara jakin zuen. «Lehen diskoa entzun nuenean flipatu egin nuen. Eta 1984an aukera izan nuen taldea ikusteko, Oñatin, 15 urte bete gabe nituela, Barricada eta La Pollarekin batera». Handik aurrera, askotan ikusi zituen, lagun batek hertzainomano deitzeraino. 17 urte dituen alaba Lexuriri ere kutsatu dio zaletasun hori, eta bi kontzertuetan izan da berarekin.
Lehen argazkiak 1987an atera zizkion taldeari, bonbardaketaren 50. urteurrenean Gernikan antolatutako jaialdietan. «Orduan Yashica kamerarekin ibiltzen nintzen, zuri-beltzezko argazkiak edo diapositibak ateratzen». Hura apirilean izan zen, eta maiatzean Legazpin jo zutenean ere argazkiak atera zizkien garai hartan kaleratzen zen Hots aldizkarian argitaratzeko. Bergarako Txibiston 1991ean emandako kontzertuan ere izan zen. «Ia hasieratik bukaerara ezagutu ditut, eta niretzat talde miresgarria da, beti egin dutelako nahi izan dutena, musikari dagokionez, rock and rolla euskaraz, garai haietan guztiarekin haustura izan ziren».
Gari bakarka hasi zenean ere jarraitu zuen harekin harremanetan, eta bere lehen diskoaren azalerako argazkiak atera zizkion. Azkenik, Txinpartak aldizkariko elkarrizketarako, 2020an.
Guzti horren ondoren, erraza izan da akreditazioa lortzea.
Makina bat argazki
Argi dago Hertzainak taldeko zale armorratuak direla bi argazkilariak, baina azken kontzertuetara ez dira musikaz gozatzera bakarrik joan, lan egitera ere bai. Altzelai kamera digitalarekin, Go Proarekin eta dronarekin ibili da. Salmeronek analogikoa eta digitala erabili ditu.
Altzelaik 7.000tik gora klik egin zituen, baina momentuan aukeratu eta kontzertu bakoitzetik 1.000-bat argazkirekin geratu zen. «Ihes egin dut pixka bat argazki normaletatik, eta Gariren atzetik ibili naiz bereziki, angulo desberdinetatik erretratatzen». Bilduma handi hartatik zuri-beltzezko zortzi argazki aukeratu ditu, «horiek islatzen dute gehien nire estiloa, nik nahi nuena». Hertzainaki bidaliko dizkio 300-bat, eta Gariri oparituko dizkio beste batzuk.
Argazkiak ateratzen asko gozatu duela aitortu du, «lehen kontzertua hasi zenean emozionatu egin nintzen, eta asko kostatu zitzaidan prozesatzea Hertzainak modu digitalean ikusi nituenean. Argazkietan gehiago zentratu nintzen larunbatean, eta profesionalki, egun harekin geratzen naiz». Egun hunkigarriak izan dira, bere talde kuttuna hain gertu ikusteaz gain, Salmeron bera ere izan duelako ondoan, «berak utzi zidan lehen kamera digitala!».
Zuri-beltzean ere bai
Salmeronek ere gozatu ederra hartu du musikarekin, baina ez du ahaztu bere erronka: zuri-beltzezko argazki analogikoak ateratzea. Baina arazoak izan zituen lehen kontzertuan enfokearekin, «ez dut ondo ikusten betaurrekorik gabe, eta asko desenfokatuta atera nituen. Gasteizko emanaldirako eraman nituen betaurrekoak!».
Errebelatuta ditu argazki guztiak (15 karrete, 500 argazki inguru), eta txukun-txukun sailkatuta eta gordeta ditu. «Niretzako dira argazkiak, eta ez dut presarik kopiak ateratzeko, baina Gariri opari bat egin nahi diot». Argazki digitalak ere atera zituen, 600 inguru.