Eraitz Saez de Egilazek desiraren eta boterearen inguruko saiakera aurkeztuko du Beasainen
'Gureak ere badira: desira, boterea, epika' liburuaz ariko da Lur Arbizurekin batera ostiralean Arrano elkartean.
Lur Albizu eta Eraitz Saez de Egilaz beasaindarraren Gureak ere badira: desira, boterea, epika liburuaren aurkezpena izango da etzi, 18:30ean, Beasaingo Arrano elkartean. Iaz argitaratu zuten lana. Saiakera bat da.
«Iratzar Fundazioak eta Txapalapartak formakuntza eta hausnarketa bultzatzeko liburuxka batzuk ateratzen dituzte urtero eta termino horietan sortu da proiektu hau», azaldu zuen Saez de Egilazek Goiberri aldizkariko 487. alean. Liburuaren egileen hitzetan, «egungo egoera kontuan izanda eta gure belaunaldiaren perspektibatik, bizi dugun etsipen nahiko orokortu horri nola erantzungo geniokeen azaltzen saiatu gara».
Gehitu dutenez, «diskurtso politikoa eta praktika askotan ez datoz bat guk ikusi eta sentitzen dugunarekin eta ezinegon hori beste aterabide batzuk eman behar zaizkio». Liburuan planteatzen dutena da «desirari garrantzia eman behar zaiola proiektu eta diskurtso politikoa eraikitzerakoan». Saez da Egilazen lehen idatzizko lana da.