Goierrik 70.000 biztanleren muga galdu du, urte baten ondoren
Abenduan onartutako azken estatistika datuen arabera, 69.961 biztanle ditu, 2022ko lehen eguneko balioaz. Aurreko urtetik 289 galdu ditu, %0,41 jaitsi eta joera iraulita.
Goierriko biztanleriak behera egin du 2021etik 2022ra. Bi urtean gaindik ibili den 70.000 bizilaguneko kopurua galdu du, eta hortik behera jaitsi da berriro, 2019ko mailara. Espainiako INE estatistika institutuak abenduaren 21ean argitaratu zituen azken errolda-datu ofizialak, 2022ko urtarrilaren 1eko balioa dutenak. Horren arabera, Goierriko 22 udalerrietan 69.961 lagun bizi dira, aurreko urtean baino 289 gutxiago (%0,41 behera).
Argitaratzerako zaharkituta geratu den arren —urtebete igaro delako errolda ofizialdu denerako—, datu horrekin funtzionatuko dute udalerriek, harik eta 2023ko abenduan oraingo errolda ofizial bi hurtu arte.
Goierrin, udalerri gehienek galdu dute biztanleria. Zazpi herritan besterik ez zegoen 2022 hasieran urtebete lehenago baino biztanle gehiago. Eta horietan ere, denen batura ez da aipagarria: 56 biztanle gora.
Errolda gehien hazi duen herria Zaldibia izan da, 37 bizilagun irabazita (%2,26ko hazkundea). Beste aldean, proportzioan Arama jaitsi da gehien (%4), eta Olaberria ondoren (%2,55), 24 bizilagun gutxiagorekin.
%78, sei herri hazienetan
Gipuzkoari dagokionez, herrialdeko bizilagunen %9,65 bizi dira Goierrin. Herritar kopurua galdu da han ere; iaztik 1.615 gutxiago (-%0,22), eta 2020ko maximo historikotik 2.703 gutxiago.
Eskualdeko sei herri hazienei begiratuta, Ordiziak izan ezik beste denek galdu dituzte biztanleak: 214 guztira. Galeraren %74 Beasaini, Lazkaori, Legazpiri, Urretxuri eta Zumarragari dagokio. Ordizian, kontrara, lau herritar irabazi ditu.
Goierriko biztanleria osoaren hamarretik ia zortzi (%78,57) sei herri handienetan bizi dira.
Beste aldean, bizilagunak irabazi dituzten zazpi udalerrietatik lau, bostehun biztanletik beherakoak dira: Altzaga, Gabiria, Gaintza eta Mutiloa.
Eskualdeko bi barruti funtzionaletan, berriz, Goierri garaian 25.320 herritar zenbatu ditu INEk (%36,2); hango lau udalerriek egin dute behera. Goierri behean 44.641 dira (%63,8).