Goiturrek hiru ardatz nagusi dituen ekintza plana jarri du martxan
Lehiakortasuna, produktu turistikoak, eta promozioa eta komertzializazioa dira ardatzak. Produktu turistiko berriei dagokionez, Aralarren familia turismoari zuzendutako orientazio zirkuitu berriak martxan jarriko dituzte, Ataungo Sara ibilbidearen luzapena aurkeztuko dute eta Goierriko zikloturismoari buruzko plan bati ekingo diote.
Goitur Goierriko turismo garapen agentziak urte berriko ekintza plana jarri du martxan, hiru ardatzetan oinarrituta: lehiakortasuna, produktu turistikoak eta promozioa eta komertzializazioa. Ekintza ezberdinak zehaztu dituzte, eta horiek lortzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Basquetour-eko arduradun tekniko eta politikoekin bilerak izan dituzte abenduan zein urtarrileko lehen egunetan. Finantzazio bide berriak adostu dituzte eta Segittur eta Turespañarekin dituzten estrategiaz aritu dira.
Planeko lehen ardatza lehiakortasuna da. Besteak beste, bazkide publiko nahiz pribatu guztiri aholkuak ematen segiko dute, turismo iraunkorreko 2030 agenda aurrera egingo dute edota Basquetour-ekin eta Aldundiarekin harremanetan jarraituko dute. Baina lehiakortasuneko jarduerarik garrantzitsuena Helmuga Turistiko Adimenduna proiektuaren ekintza plana ezartzea izango da. Dagoeneko lanean dabiltza gobernantza, berrikuntza, teknologia, jasangarritasunaeta irisgarritasuna ataletan. Dibertsifikatu nahi duten lehen sektoreko enpresei laguntzeko proietu batekin ere dabila lanean.
Produktu turistiko berriei dagokienez, egokitzapenean eta sorkuntzan sakontzen segiko dute. Tartean, Aralarreko Parkean familia turismoari zuzendutako orientazio zirkuitu berriak martxan jarriko dituzte, Ataungo Sara ibilbidearen luzapena aurkeztuko dute eta Goierriko zikloturismoari buruzko plan bati ekingo diote.
Promozioa izango da atalik garrantzitsuena. Donostia Turismoarekin lan egingo dute, erreportajea argitaratuko dituzte, Basquefest azokan izango dira eta La Ruta Slow programan agertuko da Goierri, besteak beste. Pedro Delgado txirrindulari eta kazetaria Goierrira etorriko da maiatzean, Goierri Tour ekimenaren barruan, eta Goierriri buruz hitz egingo du Tour-aren emanaldian, uztailaren 2ko etapan, Goierriko 25 kilometroetan.