Matematikaren hilabetea
Lemniskatak 'Urtarrila, matematikaren bila' zikloaren barruan lau hitzaldi eta Matematika argazki lehiaketa antolatu ditu. Ostiralean izango da lehen saioa.
Urtarrila, matematikaren hilabetea da Beasainen, Lemniskata zientzia sare herrikoiak bultzatuta. Zientziaren dibulgazioan urteak daramatzan elkartearen ekimenez hain zuzen ere, Urtarrila, matematikaren bila zikloa egingo dute ostera ere. Aurtengo edizioak matematikaren inguruko lau hitzaldi eta argazki lehiaketa bat izango ditu, sari banaketarekin eta erakusketarekin.
Etzi, urtarrilaren 13an, 19:00etan, Beasaingo Igartza jauregian emango diote hasiera aurtengo matematika zikloari. Esan, lau hitzaldiak Igartzan leku hartuko dutela eta ordu berean izango direla.
Urtea ongi hasteko proposamena dakarte Lemniskatakoek, eta horretarako, elkartearen aspaldiko laguna den Raul Ibañezek irekiko du zikloa; bertan, La gran familia de los numeros hitzaldia emango du. Zenbakien hainbat familia natural garrantzitsu aztertuko ditu era didaktikoan. Hala, edonorentzat erakargarri bilakatuko ditu zenbakiak: zenbaki lehenak, irudizkoak, zoriontsuak, kapikuak, kimikoak eta nartzisistak, besteak beste. Zenbaki horien historian zehar ibiliz, bere propietate eta berezitasun nagusiak azalduko ditu Ibañezek, eta mundu errealean duten presentziaz hitz egingo du; hala nola, buru-hausgarrietan eta magia trikimailuetan.
Bigarren hitzaldian, Luz Roncal ikertzailea izango da hizlaria. 2020 urteko Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzesa Saria irabazi zutenen lana aztertuko du.
Hirugarren saioan, berriz, Irantzu Barrio irakasleak estatistika mundua hobeto ulertzeko hainbat gako emango ditu.
Eta laugarren eta azken saioan, Carlos Gorria matematika irakasleak erronka industrialera zein sozialera bideratutako eredu eta soluzio matematikoak izango ditu hizpide.
Matematika lehiaketa
Zikloaren barruan, bederatzigarren Lemniskata Matematika argazki lehiaketa antolatu dute. Argazkiak bidaltzeko epea agortuta, urtarrilaren 27an egingo dute sari banaketa. Lehiaketako argazki onenen erakusketa zabalduko dute segidan.
ZIKLOAREN EGITARAUA
LAU HITZALDI
- Urtarrilak 13. La gran familia de los numeros hitzaldia, Raul Ibañezekin, Igartza jauregian, 19:00etan.
- Urtarrilak 20. Las matematicas de los premios Princesa de Asturias 2020, Luz Roncalekin, Igartzan, 19:00etan.
- Urtarrilak 27. Estatistika mundua ulertzeko bidelagun, Irantzu Barriorekin.
- Otsailak 3. Erronka industrialera zein sozialera bideratutako eredu eta soluzio matematikoak, Carlos Gorriarekin.
SARI BANAKETA
- Urtarrilak 27. Nazioarteko Lemniskata Argazki lehiaketako sari banaketa, 18:00etan, Igartzako erakusketa aretoan.
ERAKUSKETA
- Urtarrilak 27-otsailak 5. Matematika argazki lehiaketako lanen erakusketa. Igartzako jauregian egongo dira ikusgai.
- Otsailaren 6tik 17ra. Ordiziako Barrena Kultur Etxean ikusi ahalko da erakusketa.