Mus txapelketa antolatu dute ostiralerako Imaz hotelean
Bikoteek ostiralean bertan egin beharko dute izen ematea, Imaz hotelean, 21:30etik 22:00etara. Txapelketa lau erregetara jokatuko da.
Segurako Imaz hotelean seigarren mus txapelketa antolatu dute, bi urteko etenaren ondotik. Ostiral honetan jokatuko da, lau erregetara. Bikoteek ostiralean bertan egin beharko dute izen ematea, Imaz hotelean, 21:30etik 22:00etara. Jarraian hasiko dira jokatzen.
Mus txapelketen garaia da urtarrila Goierrin. Normalean, elkarteetan jokatu ohi diren arren, «gazteei leku bat ematearren» hasi ziren antolatzen Segurako hotelean mus norgehiagokak Juanjo Matxain antolatzaileak esan duenez. Izan ere, «Goierriko gazteen artean muserako grina» handia dela azpimarratu du Matxainek.
Errekorra 61 bikotetan
2019az geroztik ezin izan dute dute txapelketarik antolatu, pandemia zela eta. Baina aurten, bi urteren ondoren, bueltan da. 2020ko urtarrilean egin zuten azkena. «61 bikotek hartu zuten parte ordu hartan, horixe da orain arteko gure errekorra».
Segurarrak izaten dira gehienak, baina «Zegama, Zerain, Lazkao eta Ormaiztegitik» ere gerturatzen dira muszaleak. Aurten, herriko gazteak sare sozialetan ere zabaldu dute txapelketaren berri eta «Altsasutik ere interesa agertu du zenbaitek».
Txapelketa lau erregetara izango da eta bikoteka jokatuko da. Izen ematea 20 euro izango da bikoteko. Mus txapelketa azkarra izango da eta guztira lau sari banatuko dira. Sariak bildutako diruaren arabera banatuko dira, ostiralean bertan.